Ekonomia -
Aurrekontuak
Euskadi superabita izan duen erkidego bakarra da
Erkidegoek % 1,20ko defizita izan dute bigarren hiruhilekoan. Salgadok % 0,75eko defizita gainditu duten erkidegoak deitu ditu murrizketa neurriak betetzeko.
Erredakzioa
Urteko bigarren hiruhilekoan BPGren % 1,20ko defizitarekin itxi dute erkidegoek: 13.066,49 milioi euroko defizita. Urte osorako helburua % 1,30ekoa da. Superabita izan duen erkidego bakarra EAE izan da, % 0,12koa, gainerako lurraldeek defizita izan dute. Defizitaren helburuarekin bateragarria den egoera aurkeztu dute hiru erkidegok: Aragoi (% 0,63), Errioxa (% 0,64) eta Kanariak (% 0,71). Emaitza txarrenak aurkeztu dituzten erkidegoak Balearrak (% 2,11), Extremadura (% 2,59) eta Gaztela-Mantxa (% 4,16) izan dira. Erkidegoek urteko bigarren hiruhilekoan lortu dituzten datuen berri eman du gaur Elena Salgado Ekonomia ministroak. Salgadok azaldu duenez, ekainera arte finantzarioak ez diren diru-sarrerek % 3,62 egin zuten behera: 60.965 milioi euro. Bien bitartean, finantzarioak ez diren gastuek % 0,48 egin zuten gora: 74.032 milioi euro. Honenbestez, BPGren % 1,20ko defizita pilatu dute.
Ministroaren hitzetan, datuok ez dira "oso txarrak", eta maiatzaren 22ko hauteskundeak direla eta, % 3,75 gehiago gastatu dela aitortu du.
Hurrengo seihilekoan erkidegoek defizitaren helburua betetzea espero du Gobernuak. Hori horrela, Salgadok % 0,75eko defizita gainditu duten erkidegoak deitu ditu murrizketa neurriak betetzeko.