Ekonomia -
Elkarrizketa Der Spiegelen
Krisia hiru urtetan amaituko da, euroaren erreskate funtsaren arabera
"Edozein herrialdek euroa alde batera uzteko arriskurik ez dago", esan du, zorrotz, funtseko agintari nagusiak.
Erredakzioa
Euroguneko herrialdeak pairatzen ari diren krisia epe ertainean gainditzeko bidea ikusten duela esan du Klaus Regling euroaren erreskate funtseko arduradun nagusiak.
"Bi edo hiru urtetan krisia gainditzeko itxaropen sendoa dago", adierazi du Reglingek Der Spiegel astekari alemaniarrean.
Euroaren funtseko buruzagiaren ustez, itxaropen hori gauzatzeko, euroguneko herrialdeek kontsekuente izan behar dute eta aurrezteko neurriei eta finantza-erreformei eutsi behar diete.
"Diru Batasuna ez da desegingo; bai herrialde ahulek eta bai indartsuek sistemak aurrera egiten jarraitrzeko interesa partekatzen dute", azpimarratu du Reglingek. "Edozein herrialdek euroa alde batera uzteko arriskurik ez dago", esan du, zorrotz, funtseko agintari nagusiak.
Gainera, ekonomista alemaniarrak oso gogor kritikatu ditu alemaniako herritarrak: "Alemanian histeria nagusitu da", gauzek okerrera egingo dutela pentsatzen dutelako.
"Baina hori ez da egia; zantzu guztien arabera, gauzek hobera egingo dute", ziurtatu du Reglingek.