Ekonomia -

Eurogunerako

Benetako gobernu ekonomikoa sortzea proposatu dute Merkel eta Sarkozyk

Herman Van Rompuy Europar Kontseiluko presidentea proposatu dute gobernu horren buru jartzeko. Gobernu ekonomiko hau urtean birritan batzartuko litzateke.

Sarkozy eta Merkel krisiaren kudeaketa hobetzeko bildu dira

01:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europarako benetako gobernu ekonomikoa sortzea proposatu dute Frantziak eta Alemaniak, Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Eliseo Jauregian bi ordu pasatxoz egin duten bileran.

Eurogunea eta Euroa izan dituzte mahai-gainean eta batez ere diru-merkatuak lasaitzea izan du helburu bilera honek. Horretaz gainera, Merkelek eta Sarkoyzk defizita herrialde bakoitzaren Konstituzioan mugatzea bultzatu nahi dute. Bestetik, alde batera utzi dute Eurobonuen gaineko eztabaida.

Merkelekin batzartu aurretik, Nicolas Sarkozy Fracois Fillon Frantziako Ekonomia Ministroarekin batzartu da. Handik gutxira, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra hartu du Eliseo jauregian. Batzar honen helburua argia: Europako merkatuak eta inbertsoreak lasaitzea.

Uste baino denbora gutxiago eman dute hizketan baina zenbait proposamen egin dituzte Europako krisiari aurre egiteko. Sarkozyk adierazi duenez, benetako gobernu ekonomiko bat sortu nahi dute Eurogunean estatu eta gobernu buruen kontseiluko kideekin. Gobernu honen buru jartzeko, Herman Van Ropuy Europar Kontseiluko presidentea proposatu dute. Gobernu ekonomiko hau urtean birritan batzartuko litzateke.

Bestetik, finantza-transakzioak tasatzeko proposamen bateratua egingo dutela adierazi dute Frantziak zein Alemaniak.Eurobonuen inguruan galdetuta, Merkelek esan du hori ez dela krisia gainditzeko bidea eta momentuz baztertu egin dituzte.Euroaren garrantziaz hitz eginda, etorkizunaren oinarritzat jo dute eta oreka ekonomikorako bidea dela azpimarratu dute.

Alemaniako hazkunde ekonomikoa, atzera

Merkel eta Sarkozyren arteko bilera hasi aurretik jakin da Alemaniako hazkunde ekonomikoa, atzera, nabarmen moteldu dela, ia eten egin dela, eta ondorioz, Europa osokoa.

Apiriletik ekainera, aurreko hiru hilekoan baino 5 hamarren gutxiago hazi da Europako Barne Produktu Gordina. Eurostat Estatistika Agentziak zabaldutako datuak dira. Galga, Europako ekonomiaren motore den Alemaniak jarri du.

Moteltzea aurreikus zitekeen, ez horrenbestekoa ordea. Alemania, ia puntu eta erdi hazi zen urteko lehen hiru-hilekoan, eta hamarren bat besterik ez da ugaldu apiriletik ekainera bitarte Alemaniako BPG. Ia izozteko zorian egon da. Urte arteko datuei erreparatuta, bi puntu gutxiago hazi da ekonomia Alemanian.

Estadiska Bulego Federalaren arabera, azken bi urteotako hazkunderik txikiena da. Eraikuntzan eta kontsumoan izan den atzerakadak eragina, besteak beste. Merkelen gobernutik esan dutenez moteltzeak ez ditu ezustean harrapatu.

Baina, hotzeria Europa osora zabaldu da: aurreko hiru-hilekoan baina bost hamarren gutxiago, bi hamarren hazi da ekonomia Eurogunean, Eurostaten datuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea