Ekonomia -
Bigarren hiruhilekoko datuak
Alemaniako ekonomiaren hazkuntza moteldu egin da
BPG % 0,1 baino ez da hazi 2011ko bigarren hiruhilekoan. Aurreikusita zegoena baino nabarmen txikiagoa izan da aurrerapausoa. Burtsek ezkortasunez hartu dute albistea. Jarraitu merkatuen bilakaera.
Erredakzioa
Alemaniako ekonomiaren hazkuntza moteldu egin da, Barne Produktu Gordina % 0,1 besterik ez da hazi 2011ko bigarren hiruhilekoan urteko lehen hiru hilabeteetan egindako hazkuntzarekin alderatuz gero.
Alemaniako Estatistika Agentziak jakinarazi duenez, BPGk bigarren hiruhilekoan jasandako hazkuntza ahulak sorpresan harrapatu ditu, izan ere % 0,5 haziko zela aurreikusi zuten.
Alemaniako estatistika agentziako adituen arabera, ekonomiaren moteltzean, batik bat, euroguneko lurraldeek eta AEBek bizi duten ahuldadeak eragin dute, baina, atzeraldi berri baten inguruko kezka izateko arrazoirik ez dagoela azpimarratu dute.
Nahiz eta hazkuntza moteldu, Alemaniako ekonomisten ustez, lurraldeko ekonomiaren bilakaera indartsua eta iraunkorra izango da datozen hilabeteetan.
2009an, nazioarteko finantza krisiak eraginda, % 4,7 egin zuen atzera, 2010ean, berriz, BPG % 3,6 hazi zen, eta 2011ko lehen hiruhilekoan jasandako igoeraren ondorioz, Alemaniako ekonomiaren etekinak 2008ko (krisiaren hasierako) mailan kokatzea lortu du.
Burtsek txarto hartu dute albistea
Alemaniako ekonomiaren hazkuntza moteldu dela jakiteak urduritasuna zabaldu du Europako burtsetan, eta %1,5 inguruko galerak dituzte.
Ibex 35ek, esaterako, % 1,45 inguru egin du behera eguerdian. Jarraitu merkatuen bilakaera.