Ekonomia -

Finantza krisia

Europako agintariak merkatuen erasoaren aurka hasi dira

Sarkozy eta Merkel abuztuaren 16an bilduko dira Eurogunea gidatzeko modua aztertzeko. Italian, bestalde, 45 milioi euro aurrezteko murrizketa plana jarri nahi dute indarrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin bilduko da datorren abuztuaren 16ean Euroguneko gobernuaren inguruko balizko erreforma bat aztertzeko.

Frantziako Presidentziak jakinarazi duenez, joan den uztailaren 21ean Eurotaldeak adostutako proposamenak "Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak egindako hausnarketa" bideratzeko zuzenduko dituzte.

Burtsak izaten ari diren etengabeko galeren ondoren eman dute bileraren berri. Eguna joan eguna etorri indizeak jaitsi eta jaitsi ari dira eta sekulako ziurgabetasuna dago merkatuan.

Frantzia eta Alemania funtsezkoak dira Greziako erreskateak edota Europako erreskate funtsak aurrera egin dezan. Batetik, Alemania orain arte aipatutako neurrien kontra agertu den lurraldeetako bat da. Bestetik, Frantziak bere kalifikazioa jaitsiko duten zurrumurruei aurre egin beharko die.

Halaber, Frantziako Gobernuak lasaitasun mezua igorri behar izan die gaur merkatuei, Europako bigarren ekonomia indartsuenaren hazkuntza gelditu egin dela jakin eta gero.

45 milioi euroko murrizketa, Italian

Italiako Gobernua 45 milioi euro aurreztuko diren murrizketa plana prestatzen ari da, finantzen krisiari aurre egin eta 2013rako aurrekontuen oreka lortzeko.

Silvio Berlusconi lehen ministroak esan duenez, 45 milio euro aurreztu nahi dituzte datozen bi urteetan. Kopuru hori aurreztu ahal izateko indarrean jarriko dituzten neurriak gaur arratsaldean eztabaidatuko dituzte, Berlusconik aurreratu egin baitu datorren astean egitekoak ziren ministroen kontseilua.

El Corriere della Sera egunkariak zabaldu duenez, merkatuen egoera beltzak eta Giorgio Napolitani presidenteak egindako presioaren ondorioz aurreratu dute zita.

Neurrien artean, besteak beste, ondare handien gaineko "elkartasun" zerga, klase politikoan murrizketak, eta Konstituzioan aurrekontuaren oreka eta zorraren muga ezarri nahi dituzte.

Espainiako Gobernua

Espainiako Gobernutik adierazi dutenez, "fronte guztietan" dihardute lanean, "Europako koordinazioan eta elkarren arteko erantzunean". Halaber Zapateroren Exekutiboak abuztuaren 19an eta 26an onartu nahi dituen neurri ekonomikoetan ere buru-belarri dihardutela adierazi dute.

"Gobernua erabakiak hartzen ari da, eta Parlamentuko taldeak egiten ari den guztiaz informatzen ditu", adierazi zuen atzo Jose Blanco Sustapen ministroak. Halaber, "lasaitasuna eta sosegua" eskatu dizkie popularrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea