Ekonomia -
Saioaren amaiera
Espainiako arrisku saria baretu eta 385 puntutan kokatu da
Espainiako burtsak % 0,85 galdu du eta urteko minimo berri bat lortu du. Zapatero eta Salgado arratsaldean biltzen ari dira egoera ekonomikoa aztertzeko asmoz.
Erredakzioa
Espainiako burtsak % 0,85ko beherakadarekin itxi du asteazken honetako saioa. Horrela, 9.000 puntutan kokatu da, urteko berri minimo bat lortuz, AEBetako langabezi datu txarrek eta zorraren merkatuaren aldakortasunak bultzatuta. Halaber, Espainiako arrisku saria 385 puntutan kokatu da. Ekitaldi honetako pilatutako galerak % 8,33koak dira.
Europako txanpona 1,43 dolarretan kokatu da eta burtsa nagusienek behera egin dute Madrilgo plaza itxi baino lehen: Londresek, % 2,3; Parisek, % 1,65; Milanek, % 1,5; Frankfurtek, % 1,05; eta Euro Stoxx indizeak, % 0,7.
Espainiako merkatuko balore handiek ere galerak izan dituzte tartean, Repsolek (% 1,44), Santenderrek (% 1,22) eta BBVAk (% 0,82). Telefonicak atzoko kotizazioa errepikatu du eta Iberdrolak, berriz, % 0,2 egin du gora.
Egun aldakorra burtsetan
Gaurko eguna ezegonkortasun handikoa izan da Espainiako burtsan. Hainbat baldintzek eragin dute asteazken honetako beherakada tartean, Wall Streetek bart izandako % 2,2ko beherakadak, Tokiok ere % 2,1 galdu izanak eta zorraren merkatuaren egoerak. Azken honek Espainiako arrisku saria 407 puntutaraino igotzea ekarri du.
Hala ere, Societe Generalek egindako aurreikuspen txarrak ez dira bete eta burtsak gora egin du: ireki denetik ordubetera irabaziak izan ditu, finantza-merkatuen egoera bideratzeko ekintza politikoak areagotu diren bitartean. Gauzak horrela, burtsak % 1 egin du gora, 9.250 puntutan kokatuz.
Madrilgo burtsa itxi baino ordubete lehenago 200 puntu galdu ditu eta, hain justu, 9.000 puntutan kokatuta itxi du gaurko saioa. Petrolioaren prezioaren beherakadak (Brent upelaren prezioa 2 dolar merketu zen) eta AEBetako zerbitzuen sektorearen jardueraren beherakadak eragin dute beherakada hau.
Zapaterok eta Salgadok premiazko bilera egingo dute
Jose Luis Rodriguez Zapatero Elena Salgadorekin eta Jose Blanco Gobernuko bozeramailearekin biltzen ari da arratsaldean finantza-merkatuen azken mugimenduak aztertzeko, Espainiako arrisku sariak gaur goizean berriro marka hautsi eta 407 puntuetara iritsi ostean (ondoren, 380 punturaino jaitsi bada ere).
Finantza-merkatuek izaera aldakorra izaten jarraitu dute, AEBetako eta Europako merkatuetako zalantzek bultzatuta.
Hori dela eta, Europako Batzordea merkatuen azken mugimenduei buruz mintzatuko da arratsaldeko lehen orduetan, Espainiarengan eta Italiarengan duen konfidantza mezua indartzeko asmoz. Europar Batasuneko iturriek jakitera eman dutenez, krisia gainditzeko beharrezkoak diren neurriak martxan jartzen ari dira bai Espainia eta Italia ere.
Hilaren 19rako iragarrita dagoenaz gain, egoera ekonomiko honek bigarren Kontseilu Ministro bat egitera behartu du Zapatero, izaera ekonomikoko neurriak adosteko asmoz.
Bi Kontseiluen helburua neurri ekonomikoak adostea izango da, baina ministroak ez ditu zehaztu nahi izan. Litekeena da farmaziako gastu sistema aldatzeko lege-dekretu bat adostea eta Sozietateen gaineko Zerga ere aldatzea.
EAJ: "Egoera benetan larria da"
Pedro Azpiazu EAJko Kongresuko Ekonomia bozeramaileak adierazi duenez, Espainiako egoera "benetan larria" da eta Diputatuen Kongresuan ezohiko bilkura bat egitea ez zaiola "gaizki" iruditzen azaldu du. Elena Salgado Ekonomia ministroak, hain zuzen, Ekonomia Batzordearen aurrean agerraldia egin beharko lukeela dio egungo egoeraren inguruko azalpenak emateko.
Azpiazuren ustez, egoera nahiz eta "kritikoa" izan ez da "berria", "aurreikusten" zelako. "Arrisku sariarekin eta egoera ekonomikoarekin gehiegi ari ginen jolasean, baina hau gero eta okerrago ari da jartzen", erantsi du. Egoera honen aurrean "zerbait egin" behar dela dio eta, bere ustez, beharrezkoa da "Europak erantzun sendo bat" ematea.
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba hauteskunde orokorrerako hautagai sozialistak aitortu duenez, Espainiako egoera "konplikatua da" baina horren esanetan, Espainia erreskatetik urrun dago ekonomiak "suspertze zantzuak erakutsi dituelako".
Eszenatoki honetan, Espainiako Altxorrak bihar 2.500 eta 3.500 milioi euro esleitzea espero du. Igorpen hau Espainiako zorraren "test" berri bat izango da.
Arrisku sariak markak hautsi ditu berriro
Espainiako arrisku sariak euroa sortu zenetik inoiz hartutako maila gainditu du eta 407 puntuan kokatu da burtsako saioaren hasieran. Hala ere, ondoren 380 puntuan kokatu da. Merkatuetan nagusi diren zalantzek eragina izan dute beste behin AEBetako eta Europako ekonomietan.
Hala, inbertitzaileek eros dezaten, hamar urterako espainiar bonoak alemaniarraren aldean hartu behar duen errendimendua % 6,282tik (atzo) % 6,410era egin du gora; bestalde, Alemaniakoak % 2,416tik (atzo) % 2,347ra egin du behera.
Ibex 35ek % 1,78 gora egin du saio erdian eta 9.300 puntuko mailan gelditu da. Galerekin hasi du saioa, besteak beste, zorraren gorakada eta Wall Streeten beheranzko joera dela eta. Hala ere, saioan zehar gora egin du.
Ezegonkortasuna da nagusi finantza merkatuetan. Gaur, AEBetako langabezia-tasaren datuak ezagutuko dira, nazioarteko ekonomiaren osasuna neurtzeko tresnarik egokiena.
Halaber, Portugalek beste konfiantza proba bati aurre egin behar dio gaur merkatuetan; 500 eta 750 milioi euro arteko epe laburreko zorra jarriko du enkantean. Italian, Silvio Berlusconi lehen ministroa Parlamentuko ganberen aurrean agertuko da gaur arratsaldean da ekonomiaren egoera aztertzeko.