Ekonomia -
Energia berriztagarriak
Iberdrolak eta Gamesak hautsi egin dute parke eolikoei buruzko ituna
Akordio horrek Europako hainbat herrialdetan parke eolikoak sustatzea zuen helburu, baina azkenean ez dute gauzatuko, egungo egoera ekonomikoaren ondorioz.
Erredakzioa
Iberdrolak eta Gamesak hautsi egin dute parke eolikoei buruz hitzartu zuten akordioa, egungo egoera ekonomikoa tarteko, "aldatu egin baititu merkatuaren eta bi enpresen estrategien baldintzak".
Konpainiek jakinarazi dutenez, akordioa 2008ko ekainean sinatu zuten, baina 2009ko irailean aldaketak egin zituzten, eta Europako hainbat herrialdetan parke eolikoak sustatzea, garatzea eta ustiatzea zuen helburu.
Halaber, Gamesak herrialde horietan dituen promozio batzuk erosteko aukera ere ematen zion akordioak euskal konpainia elektrikoari.
Hain zuzen ere, Iberdrolak negozio horiek erostea edo Gamesarekin elkarte bateratua sortzea erabaki zezakeen. Azkenean, baina, ez bata ez bestea.
Iberdrolak eta Gamesak adierazi dute lankidetzarekin jarraitzea espero dutela, sektore eolikoan duten garrantzia "indartzeko".
Iberdrolak Gamesaren % 19,6 dauka.