Ekonomia -
Sindikatuen ekimena
Gobernuak etxeko langileak kontratatzeagatik desgrabatzea aztertuko du
Helburua langile horiek erregimen orokorrean egoteak eragingo dituen gastuen ondorioz kontratazioak ez gutxitzea da.
Erredakzioa
Valeriano Gomez Lan ministroak etxeko langileak kontratatzeagatik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) errentaren arabera desgrabatzeko aukera izatea aztertuko dutela adierazi du. Helburua langile horiek erregimen orokorrean egoteak eragingo dituen gastuen ondorioz kontratazioak ez gutxitzea da.
Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiekin eskaini duen prentsaurreko batean Gomezek esan duenez, etxebizitza arloan erabiltzen dira dagoeneko mailakatutako desgrabazioak eta etxeko langileekin "etorkizunerako" antzeko konponbideren bat aztertuko dute.
Hala ere, ekimena sindikatuek proposatu dute. Toxo eta Mendez izan dira Gobernuari "erantzuna lehenbailehen ematea" eskatu diotenak. Horrela, kotizazioen gastua igotzeak kontratazioetan ez eragitea espero dute.
Langile horien kontratazioa errentaren aitorpenean desgrabatzeko aukera ere aipatu dute. "Aurkezpen formala" eginez gero, aztertu egingo dutela erantzun die Gomezek. Hala ere, etxeko langileak erregimen orokorrean egoteak zazpi urtetan hobariak jasotzea eragingo duela azpimarratu du.
Bestalde, irailean martxan jartzen hasiko diren etxeko langileen erregimenean hobekuntzak egitea goraipatu ostean, Gomezek 2012an etxeko langileak lanik gabe geldituz gero babes sistema berezi bat prestatzen hasiko direla azaldu du. Ekimen hori 2013an martxan jarriko dutela iragarri du.