Ekonomia -
Ezohiko goi-bilera Bruselan
Merkelek uste du gaur onartuko dutela Greziaren bigarren erreskatea
Goi-bileraren aurretik, Sarkozyrekin adostu zuen 'ildo bateratua'ren xehetasunak azalduko dizkio Merkelek lehen ministro greziarrari. Europako agintarien ezohiko goi-bilera 13:45 inguruan hasiko da.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzelariak uste du gaurko goi-bileran onartuko dutela Greziari laguntzeko bigarren erreskatea, zorraren krisia gainditu eta merkatuari seinale positibo bat bidaltzeko asmoz.
"Nik uste dut Greziari laguntzeko bigarren erreskatea onartuko dugula gaur", azpimarratu du Merkelek Euroguneko agintariek gaur Bruselan egingo duten ezohiko goi-bilerara iritsi denean. Bilera hori "beste urrats garrantzitsu bat" izango dela esan du eta, Greziari laguntza emateko bigarren plan bat onartuz gero, azken asteotan Italia eta Espainia bezalako herrialdeak zigortu dituen merkatuarentzat mezu positiboa izango dela nabarmendu du. Horrez gain, Bruselako ezohiko goi-bileran elkarrizketa "konstruktiboak" izango dituztela adierazi du.
Merkel-Papandreu bilera
Bestalde, Angela Merkel eta Yorgos Papandreu lehen ministro greziarra Euroguneko agintariek ezohiko goi-bilera hasi aurretik batzartu egingo dira, iturri diplomatikoek jakitera eman dutenez. "Merkelek eta Papandreuk aurrez aurre hitz egiteko aukera ona dela pentsatu dugu", erantsi dute.
Aurrikuspenaren arabera, Merkel 11:45ean iritsiko da Bruselara eta Euroguneko Estatu eta Gobernu agintarien ezohiko goi-bilera 13:45 inguruan hasiko da. Atzo Angela Merkelek eta Nicolas Sarkozyk Greziaren bigarren erreskaterako ildo bateratua adostu zuten eta akordio horren xehetasunak Papandreuri aurrez aurre azaldu nahi omen dizkio Merkelek.
Aipatu akordioak Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidentearen eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluaren oniritzia dauka.
Planaren nondik norakoak argitu ez dituzten arren, Greziaren bigarren erreskaterako eta, batez ere sektore pribatuaren parte-hartzea zehazteko, oinarria izango dela espero da. Aipatzekoa da Trichetek programaz kanpoko Merkel-Sarkozy bileran parte hartu izana, izan ere, orain arte Greziaren zorraren berregituraketaren eta sektore pribatuaren eskuhartzearen kontra agertu baita. Alemaniak berretsi egin du ekarpen horren beharrizanaren garrantzia eta Frantzia prest agertu da hori onartzeko, baina Europako Bankua, gaur arte behintzat, kontra azaldu da. Eredu horrek aurrera eginez gero, nola gauzatuko litzatekeen zehaztea faltako da. Alemaniako komunikabide batzuen arabera, proposamen ezberdinetatik ateratako puntuekin egindako formula adostua izango da.
Financial Times egunkariak gaurko goi-bilera prestatzeko erabili duten dokumentu bat aipatuta zabaldu duenez, Greziari laguntzeko erreskate funtsetatik 71.000 milioi euro har ditzakete eta bankuei ezarritako tasetatik lortutako 50.000 milioi euro erabil dezakete. Diru horrek Greziak zor dituen 350.000 milioitatik % 20 erostea ahalbidetuko luke.
Informazio gehiago, laster.