Ekonomia -
48 orduko greba orokorra
Istilu gogorrak Atenasen, manifestarien eta Poliziaren artean
Greziako Parlamentuan herstura plana eztabaidatzen ari diren bitartean kalean ez da giro. Bihar bozkatuko dituzte neurriak, baina ez dago argi aurrera aterako diren ala ez.
Erredakzioa
Greziako Poliziak 20 bat pertsona atxilotu ditu astearte honetan, Poliziak gas negar-eragilea jaurti ostean, Atenaseko erdigunean bildu diren milaka manifestariren kontra.
Gehiengoa duten sindikatuek 48 orduko greba orokorra deitu dute gaur eta bihar, Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak Greziako Gobernuari erreskate berri baten truke eskatzen dizkion doitze neurrien kontra. Milaka pertsona, 20 mila inguru, bildu dira Parlamentutik gertu dagoen Sintagma plazan murrizketa planaren kontra egiteko.
Erreskatearen akordioaren kontra aldarriak entzun dira gaur Atenasko kaleetan. Herritar askoren iritziz, akordio horrek langileak eta pentsiodunak zigortzen ditu, eta ez ditu aberatsenak kontuan hartzen.
Grebak eragina izaten ari da zerbitzu publikoan eta garraioan, eskolak itxita daude eta baita saltoki eta negozio gehienak ere. Bitartean, hiriburuko zenbait gunetan ez da ia animarik.
Herstura plana, zalantzan
Greziako Parlamentua herstura plana eztabaidatzen hasi da gaur biharko bozketan onartuko ote den zalantzarekin, alderdi barruko kide batzuek kontra bozkatuko dutela iragarri dutelako, eta sindikatuek deitutako 48 orduko greba orokorraren erdian.
Yorgos Papandreu lehen ministro sozialista eta Evangelos Venizelos Finantza ministroa alderdi barruan babesa lortzeko lanean ari dira etengabe, alderdikideei herstura plana onartu behar dela sinestarazteko.
Izan ere, neurri horiek onartzen badituzte bakarrik jasoko du Greziak 12.000 milioi euroko diru-laguntza, uztaileko soldatak eta pentsioak ordaintzeko.
Diru hori lortzen ez badu, Greziak ezingo ditu ordainketak egin eta ordainketa etenduran sartuko den Euroguneko lehenengo herrialdea izango litzateke, eta horrek eragin larria izan dezake gainerako estatuetan.
Herstura plana bi saiotan bozkatuko dute. Lehenengoa asteazkenean izango da eta neurri orokorrak bozkatuko dituzte, eta ostegunean neurriak ezartzeko legea onartu beharko dute.
Bi diputatu sozialistak kontra bozkatuko dutela iragarri dute, elektrizitate enpresa nazioanalaren % 17 pribatizatzearen kontra daudelako, eta horrek kolokan jar dezake bost parlamentariren aldearekin duen gehiengo osoa.