Ekonomia -

Negoziazio kolektiboa

Sindikatu abertzaleek 'iruzur egitea' egotzi diote EAJri

ELA, LAB, EILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek 2.000 ordezkari bildu dituzte Donostiako Gaska kiroldegian, eta ondoren manifestazioa egin dute negoziazio kolektiboaren erreformaren aurka.

Sindikatuen manifestazioa, Donostian. Argazkia: EFE
Sindikatuen manifestazioa, Donostian. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, EILAS, HIRU eta EHNE sindikatu abertzaleek "iruzur" egitea egotzi diote EAJri, negoziazio kolektiboaren erreformaren bozketan abstenitzeagatik, erreforma horrek ateak irekitzen baititu "lurraldeen esparruan urte askotan lortutakoa suntsitzeko".

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta Adolfo ''Txiki'' Muñoz ELAko idazkari nagusiak Donostiako Gaska kiroldegian 2.000 ordezkariren aurrean egindako ekitaldi batean egin dituzte adierazpenok. Ondoren, manifestazioa egin dute.

LABeko buruzagiak salatu du erreforma "gezur bat oinarri" egin dutela, hots, langabeziaren eragileak lan baldintzak eta lan eskubideak direla.

Etxaideren ustez, erreformak "eskatutakoa" ematen dio patronalari, eta enpresaburuei bide ematen die nahi dituzten lan baldintzak ezartzeko. "Langileek lan gehiago egin beharko dute diru gutxiagoren truke; horrenbestez, langile asko soberan egongo dira, eta lanpostuak suntsitu egingo dira", argudiatu du.

Bere aldetik, Muñozek nabarmendu du militanteen lana "ezinbestekoa" dela, patronalak "xantaien" bidez lortu nahi baititu bere helburuak: "Xantaia horiei aurre egiteko, enpresen eta sektoreen alorrean konpromisoa duten militanteak behar dira, gaur egun ditugun eskubideak defendatzeko". Halaber, delitu sozialen Zigor Kodeak funtzionatu egingo balu, batzuk kartzelan egongo liratekeela esan du.

ELAko idazkari nagusiaren esanetan, "irain" honen aldekoek esaten dute langileen eskubideak "zaharkituak" daudela, baina ez, ordea, "kapital pilaketa eta monarkia".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea