Ekonomia -
2010eko datuen aldean
Eusko Jaurlaritzaren zorra % 48,2 hazi da
Estatu osoan, % 26,4 hazi da batez beste erkidegoen zorra, 2010eko lehenengo hiruhileko datuekin alderatuta, eta udalena, % 3,2.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren zorra (EHUrena eta Administrazioaren erakunde autonomoena barne) % 48,2 hazi da 2011ko lehenengo hiruhilekoan, 2010eko epe berarekin alderatuta, eta dagoeneko EAEko Barne Produktu Gordinaren % 7,3 da, Espainiako Bankuak gaur zabaldu dituen datuen arabera.
Lehenengo hiru hilabeteetan, EAEko zorra 4.918 milioi eurora iritsi zen (duela urtebete, 3.317 milioi eurokoa zen). Espainiako Bankuaren esanetan, 2011ko lehen hiruhilekoaren amaieran, aldundiek 2.040 milioi euroko zorra zuten. Urtebetean % 19 hazi da beraz, 2010eko lehen hiruhilekoan aldundien zorra 1.713 milioi eurokoa baitzen.
Zorpetzearen datu horietan, baina, ez dira sartzen bi administrazio horien enpresa publikoek pilatutakoa zorra.
Espainiako erkidegoak
Autonomia erkidegoen zorra % 26,4 hazi da 2011ko lehenengo hiruhilekoan, aurreko urteko epe berarekin alderatuta, 121.420 milioi eurora iritsi baita. Udalen zorra, berriz, % 3,2 hazi zen epe berean, 37.352 milioi eurora iritsita.
Espainiako Bankuak gaur argitaratu dituen datuen arabera, Espainiako zorra 2010eko lehen hiruhilekoan 96.042 milioi euro izatetik 121.420 milioi eurora igo da 2011ko epe berean; 25.378 milioi euro (% 26,4) hazi da.
Autonomia erkidego guztietan hazi da zorra, Kanarietan izan ezik, bertan % 7,1 egin baitu behera. Igoera handienak Kantabrian, Extremaduran eta Asturiasen izan dira.