Ekonomia -
Akordio eza dela eta
Mercedes Benzek Gasteizko lantegi berriaren obrak geldiarazi ditu
VS20 furgoneta ekoizteko eraiki behar zuten lantegiko obrak bertan behera utzi dituzte, zuzendaritzak eta langileen ordezkariek akordiorik lortu ez dutela ikusita.
Erredakzioa
Mercedes Benzeko Gasteizko lantegiaren zuzendaritzak iragarri duenez, VS20 furgoneta ekoizteko uda honetan hastear ziren lantegi berriaren obrak bertan behera utzi dituzte, sindikatuekin akordiorik lortu ez dutela ikusita.
Astearte goizean zuzendaritza eta enpresa batzordea bildu dira, modelo berria ekoizteko Daimler-Mercedes enpresaren Stuttgarteko zentralak ezarritako baldintzei buruz akordio batera heltzeko asmoz. Enpresak ezarritako baldintzen artean, soldatak % 10 jaistea dago, lantegi berri horren etorkizuna bermatzeko. Izan ere, horren menpe dago furgoneta berria ekoizteko aukera.
Bilera egin ostean, negoziazioa apurtu izana leporatu dio enpresa batzordeak zuzendaritzari. Jose Antonio Moreno enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, zuzendaritzak baldintza berberak mantendu ditu hasieratik eta bereari eutsi dio.
Hala ere, Gasteizko lantegiko zuzendaritzak sindikatuekin negoziatzen jarraitzeko asmoa agertu du, eta 2014an ekoizten hasiko diren furgoneta berria Gasteizen ekoizteko ahalegin guztiak egingo dituela gaineratu du.
Horien esanetan, gutxienez bi urte beharko dituzte lantegi berria egiteko lanak bukatzeko. Sindikatuekin akordio bat lortzeko epea, beraz, mugatua da.
Langileen ordezkariek, berriz, errefusatu egin dute zuzendaritzaren proposamena izatea irtenbide bakarra. Ondorioz, ostegunerako langileen batzar nagusia deitu dute.