Ekonomia -
Erreakzioak
ELA eta LAB: 'Erreformak botere handiagoa ematen dio patronalari'
UGTk eta CCOOk Espainiako Enpresaburuen Elkartearekin negoziazio kolektiboa berreskuratzea espero dute. Halaber, Gobernuak onartutako negoziazio kolektiboaren erreformarekin bat ez datozela esan dute.
Erredakzioa
ELA eta LAB euskal sindikatuen hitzetan, Gobernuak gaur onartutako erreformak botere handiagoa ematen die enpreasuburei lan-harremanen arloan.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren esanetan, "erreforma egin dute enpresaburuei botere handiagoa emateko, eta soldatak aldatzeko"; ildo horretan, Parlamentuko bideratzea Gobernuak onartutako proiektua "okerrera eramateko" erabiliko dutela esan du.
"Gauza bera gertatu zen lan-erreformarekin", esan du Muñozek.
LAB sindikatuak erreformari aurre egitea eta EAEko lan eremua aldarrikatzea proposatu dute.
"Madrilek ez du euskal langileen ordez ezer erabakitzeko legitimitaterik", esan du LAB sindikatuak agiri batean.
LAB sindikatuaren hitzetan, erreforma horrekin, lan-erreformarekin gertatu zen bezala, "ez du enplegurik sortuko", baina "lan-harremanen eredua erabat aldatuko du patronalaren alde".
UGT eta CCOO
UGT eta CCOO sindikatuek Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioarekin negoziazio kolektiboa berreskuratzea espero dute; izan ere, "elkarrizketa sozialik gabe ezin da lan-harremanen eremuan aurrera egin".
Sindikatu biek agiri batean jakinarazi dutenez, "ez datoz bat" Ministroen Kontseiluak gaur onartutako Errege Dekretuarekin, eta lan-hitzarmenen negoziazioa "kaltetzen" duela uste dute, enpresetako lan-hitzarmen kolektiboei lehentasuna ematen diolako.
Halaber, sindikatuon ustez, erreformak ez du langileekin interlokuzio eta negoziazio gaitasuna bermatzen.