Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Zabaleta: 'Erreformak negoziazio kolektiboa indartuko du'
Gemma Zabaletaren iritzian, garrantzitsuena "enpresaz enpresa" egingo den negoziazio kolektiboa izango da eta "hori,erreformarekin, indartuta geratuko da".
Erredakzioa
Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte-gaietarako sailburuak esan du Espainiako Gobernuak gaur onartuko duen erreformarekin negoziazio kolektiboa "indartuta" geratuko dela. Adierazpen horiek Eusko Legebiltzarrean egin ditu, Jaurlaritzaren kontrolerako saioan eta Mikel Aranak (EB) egindako kritikei erantzunez. Aranaren arabera, erreformak langileen eskubideak murriztuko ditu, soldatak produktibitateari lotuta geratuko direlako. Era berean, enpresa txikiak kaltetuak izango direla iragarri du, ordezkaritza sindikalik ez dutelako eta erreformak lurralde-ordezkaritzak barik, enpresetako ordezkaritzak kontuan hartuko dituelako.
Gemma Zabaletak erreformarekin bat egin du eta "enpresen leihakortasuna" lehentasuna izan behar dela azpimarratu du.
Mikel Aranaren kritikei erantzunda, Zabaletak esan du alderdi politiko batzuk eta sindikatuek eztabaida "manipulatu" nahi dutela, izan ere, "ez baita gauza bera lan kostuaz edo soldaten kostuaz hitz egitea; zenbat eta lan kostu gutxiago, eta ez naiz soldaten kostuaz ari, orduan eta produktibitate eta leihakortasun handiagoa izango dute enpresek", azaldu. Elkarrizketa soziala ezinbestekotzat jo du eta garrantzitsuena, administrazioetatik harago, "enpresaz enpresa" egingo den negoziazio kolektiboa izango dela nabarmendu du, "eta hori indartuta geratuko da", erantsi du. Hala ere, Zabaletak gogora ekarri du dekretuaren onarpena lehen urratsa izango dela eta ondoren Parlamentuan eztabaidatu beharko dela eta alderdiek euren ekarpenak egin ahalko dituztela.