Ekonomia -
'E.coli' bakterioaren krisia
210 milioi euroko diru-laguntza emango die ekoizleei EBk
Europako Batzordearen proposamena "nahikoa ez" dela esan dute dagoeneko Gobernuak, Andaluziako Exekutiboak eta nekazariek.
Erredakzioa
''E.coli'' bakterioak eragindako krisia dela-eta galerak izan dituzten Europako ekoizleentzat 210 milioi euroko diru-laguntza proposatu du Europako Batzordeak, baina eskaintza hori "nahikoa ez" dela esan dute dagoeneko Gobernuak, Andaluziako Exekutiboak eta nekazariek. Horrela, nekazariak KOI kreditu lerro batekin lagundu nahi ditu Espainiako Gobernuak.
Hasiera batean 150 milioi euroko diru-laguntza proposatu zuen Europar Batasunak, baina orain 210 milioi agindu ditu herrialdeen erreakzioak ikusita. "Atzo egindako proposamenarekin alderatuta aurrerapauso bat da, baina ez da nahikoa", adierazi du gaur Rosa Aguilar Nekazaritza ministroak Kordoban.
Gainera, Dacian Ciolos Nekazaritza komisarioak proposatutako laguntza "gehiena" Espainiara bideratu behar dutela esan du Aguilarrek, "bidezkoena" delako. Izan ere, Espainiako sektorea "kaltetuena" izan da, gogorarazi du.
Bestalde, eskaintza "erabat eskasa" dela adierazi du Clara Aguilera Andaluziako Nekazaritza kontseilariak Parlamentuan. "Diru kopuru askoz handiago bat espero eta eskatzen dugu, sektorearen beharrizanei erantzuteko", erantsi du.
Asaja, COAG eta UPA Espainiako nekazaritza elkarteak ez daude proposamenarekin ados, ezta gainerako herrialdeak ere.
Galeren % 50 estaltzea
60 milioi gehiago iragarri ditu gaur Ciolosek prentsaurrekoan, Bruselan. Kontsumoaren beherakadaren ondorioz ekoizleek izan dituzten galeren % 50 estaltzea izango du helburu 210 milioiko diru-laguntzak.
Hala ere, diru-laguntzak galeren % 90 edo 100 estali behar zuela adierazi zuten atzo zenbait herrialdek Ministroen Kontseiluan, besteak beste, Espainiak.