Ekonomia -
Bordelen (Frantzia)
AHTrekin 'konpromisoak mantentzeko' dei egin dute EAEk eta Akitaniak
Abiadura Handiko Trenaren "garapena eta lotura Akitania-Euskadi Euroeskualdearen lehentasuna" dela azaldu du Patxi Lopez lehendakariak.
Erredakzioa
Hendaiako mugara arteAbiadura Handiko Trena eraikitzeko "konpromisoa mantentzeko" eskatu diote gaur Frantziako Gobernuari Patxi Lopez lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako presidenteak.
Lopezek eta Roussetek prentsaurrekoa eman dute gaur Bordelen, Aquitaine Press Service (APS) elkarteak antolatutako eztabaida ekonomikoan parte hartu baino lehen. Akitania-Euskadi Euroeskualdearen osaketari buruz mintzatu dira. Bi erkidegoen arteko abiadura handiko trenaren lotura bultzatzea lehentasuna dutela azaldu dute.
Abiadura Handiko Trenaren "garapena eta lotura Akitania-Euskadi Euroeskualdearen lehentasuna" dela azaldu du lehendakariak. Horregatik, "lotura hori berehala errealitate bat izateko konpromisoak mantentzeko" eskatu dio Frantziako Gobernuari. "Hau errealitate izateko Euroeskualde bat sortzea ez da beharrezkoa", erantsi du.
Zentzu horretan, Abiadura Handiko Trenaren proiektua "garrantzi handikoa" dela adierazi du Alain Roussetek. Ondorioz, "Frantziak bere konpromisoak mantentzea bilatzen du" Akitaniak, eta eskualdean AHTren linea "errealitate bat izatea" 2020an.
Euroeskualdeak lankidetzan oinarrituko dituen esparruak zerrendatu dituzte bi agintariek. Euroeskualdea juridikoki udaren ostean osatu daiteke.
Euroeskualdea
Eusko Jaurlaritzak Akitaniarekiko harremanak indartu nahi ditu. Arrazoi hori dela eta, Lurralde Lankidetzako Europako Taldea (LLET) sortu da, "Akitania/Euskadi Euroeskualdea" izenarekin eta nortasun juridiko propioarekin. Taldeak Hendaian izango du egoitza, Gasteizko Exekutiboak jakitera eman duenez.
Lehendakariak gaur aurkeztu ditu Akitaniak eta Euskadik osatzen duten Euroeskualdeak jarraitu beharreko ildo nagusiak, gobernu kontseiluak joan den asteartean onetsitakoari jarraituz.
LLETaren lanaren muina izango da mugaz gaindiko jarduketa ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzea, lurraldearen garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez, eta lurralde-lankidetza ezarri eta garatzea, lurralde-garapenerako sareak eta aldeko ekintzak finantzatuz.
Horrela, honako helburuak lortu nahi dira: bi eskualdeen arteko komunikazioak hobetzea, irisgarritasuna bereziki aldeztuz, bai eta ingurumena errespetatzen duten pertsonen eta salgaien garraio mota guztiak ere; ikerketa eta berrikuntza jarduketak elkarren osagarriak izatea eta balioan jartzea; lurraldearen garapen iraunkorra sustatzeko bidea emango duten proiektuak abian jartzea; hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan metodoak eta bitartekoak batera jartzea, herritarren garapen erabatekoa bermatze aldera; nekazaritzari, elikadurari eta osasunari lotutako gaien tratamendu bateratua; dinamika kultural eta artistikoa indartzea, bereziki euskara eta euskal kultura sustatzeari dagokionez eta baliabide turistikoak batera balioan jartzeari dagokionez.