Ekonomia -

Akordiorik gabe

Metro Bilbaoko langileek lanuzteekin jarraituko dute

Kontratazio berrien inguruan, langileek gehiengoz erabaki dute enpresaren azken proposamena ez onartzea, eta datorren ekainaren 8an lanuzteekin jarraitzea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Metro Bilbaoko enpresa batzordeak eta zuzendaritzak gaur izandako bi bilerak akordiorik gabe bukatu dira, eta langileek lanuzteak mantentzea erabaki dute. Horietatik lehena, datorren asteazkenean, hilak 8, izango da, enpresa batzordeak Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionez.

Enpresa batzordearen arabera, langileek joan den astean atzera bota zituzten proposamen berberak helarazi dizkie enpresak, eta hortaz, aurreikusitako lanuzteak mantentzea erabaki dute. "Negoziatutakoa berriro negoziatu nahi dute", salatu dute.

Lehen bilera 10:00etan izan da, Lan Harremanen Kontseiluak deituta (aste honetan bertan erakunde horrek proposamenen bat aurkeztea espero dute). Bigarren bileran enpresa batzordea eta zuzendaritza baino ez dira egon.

Datozen egunetarako deitu dituzten lehen lanuztea asteazkenean izango da: 06:30etik 08:00etara eta 18:30etik 20:00etara. Ekainaren 14rako eta 16rako deitutako lanuzteak, berriz, 5:45etik 8:45era bitartean izango dira.

Bestalde, astearte honetan enpresa batzordeak langileak deitu ditu goizean bilera bat egin eta enpresarekin hitz egindakoen nondik norakoak azaltzeko. Halaber, astearterako, 10:00etarako, elkarretaratzea deitu dute Metro Bilbao enpresaren egoitzaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea