Ekonomia -

Alemanian

Pepinoak eta tomateak ez kontsumitzeko alertak indarrean jarraituko du

Baliteke Europako Batzordeak neurri-sorta bat aurkeztea sektorea babesteko, hala nola ekoizleei diru-laguntza publikoak ematea baimentzea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ilse Aigner Alemaniako Nekazaritza arduradunak eta Kontsumiltzaileen defendatzaileak adierazi du soja-kimuak, tomateak, pepinoak eta letxuga ez kontsumitzeko alertak indarrean jarraituko duela Alemanian. ''E.coli'' bakterioak 21 hildako eragin ditu Alemanian eta beste bat Suedian. Gaur bertan, aztertutako 23 soja-kimuetan bakterioa aurkitu ez dutela jakinarazi du Behe Saxoniako Gobernuak (atzo gaitza kimuetan egon zitekeela iragarri zuten).

Europar Batasuneko Nekazaritza ministroek ezohiko bilera egingo dute astearte honetan, "E.coli" bakterioaren agerraldiak barazkien sektorean eragindako krisiaren ondorioz diru-laguntzak aztertzen hasteko.

Agerraldiaren ondorioz 22 pertsona hil dira Europako iparraldean, eta krisi handia sortu da barazkien sektorean, hasiera batean Alemaniak Espainiatik inportatutako pepinoei egotzi baitzien agerraldia eratu izana.

Laborategietan egindako analisiek baztertu egin dute hipotesi hori, baina, halere, hainbat herrialdek (Errusia, kasu) ateak itxiki dizkiete Europako barazkiei.

Orain, baliteke Europako Batzordeak neurri-sorta bat aurkeztea sektorea babesteko, hala nola ekoizleei diru-laguntza publikoak ematea baimentzea, iturri komunitarioek aurreratu dutenez.

Espainiak kritikatu egin du sektoreari egindako "kalte larria", eta "ordainak" ematea exijitu dio Europar Batasunari.

Bilera Hungariako txandakako Presidentetzak deitu du, eta 14:00etan hasiko da, Europako Batzordearen egoitzan, Luxenburgon.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea