Ekonomia -
Negoziazio kolektiboa
Patronalak eta sindikatuek negoziazio kolektiboa hautsi dute
Lan-hitzarmen kolektiboaren negoziazioan sindikatuek "zuhurregi" jokatu dutela kritikatu du Rosellek. Sindikatuen arabera, patronaleko presidentea da negoziazioak bertan behera uztearen erruduna.
Erredakzioa
Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioak eta sindikatuek negoziazio kolektiboaren erreformarako negoziazioak bertan behera utzi dituzte, azkenekoz gaur arratsaldean bildu ostean. Ignazio Fernandez Toxo (CCOO) eta Candido Mendez (UGT) Joan Rosell Patronaleko (CEOE) presidentearekin bildu dira, goizean Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioak proposamen berri bat sindikatuei helarazi ostean, negoziazioko ordezkariek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez.
Hori horrela, Espainiako Gobernuak lekukoa hartuko die patronal eta sindikatuei, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri bezala, Gobernuak bere erreforma onartuko du datoren ekainaren 10ean Ministroen Kontseiluan.
Hilabeteak negoziatzen eman ostean haustura heldu da, joan den astelehenean ituna sinatzeko prest zeudela zirudienean. Hala ere, hauteskundeen ostean, patronalak proposamenak gogortu egin zituela salatu zuten orduan sindikatuek.
Patronalak azken proposamena helarazi die sindikatuei, izan ere, sindikatuen iturrien arabera, "betikoa" da, eta negoziazioak bertan behera uztea erabaki dute.
Joan Rosell
Lan-hitzarmen kolektiboaren negoziazioan sindikatuek "zuhurregi" jokatu dutela kritikatu du gaur Juan Rosellek. Etorkizunean prozesuari "ausardiaz" helduko diotela espero du Rosellek, aldaketak lortu ahal izateko.
Negoziaketak apurtu ostean egin du Rosellek agerraldia, Madrilen. Bai sindikatuek eta baita patronalak ere negoziaketa bertan behera utzi behar zutela adostu dute. Gaur bertan, patronalak bere azken proposamena aurkeztu die sindikatuei.
Patronaleko presidentearen hitzetan, sindikatuek eta patronalak onartu dute ezin zutela negoziaketekin jarraitu, eta hobe zela uztea, patronalak aurkeztutako "milagarren" proposamenaren ostean.
Rosellen esanetan, M-22ko hauteskundeen emaitzek "ez dute ez onerako ez txarrerako eraginik izan"; dena den, alde biek "ahalegin handia" egin dutela onartu du, eta "orain Gobernuak araudia onartzeko errazago" duela aitortu du.
Hala ere, sindikatuekin egin beharreko elkarrizketen "amaiera" ez dela onartu du, eta kontratuen berrikuspenaren inguruko zenbait jarraibide aurreratu ditu. Rosellen esanetan, kontratu motak erraztu behar dira enpresaburuek kontratatzeari "ikara" diotelako eta langileak kaleratzeko arazoak dituztelako.
Sindikatuak
Candido Mendez UGTko idazkari nagusiaren hitzetan, patronaleko presidentea da negoziazioak bertan behera uztearen erruduna, "ingurugiroaren presioa" eta nolabaiteko "beldur eszenikoa" dela eta.
"Ziur nago ez dugula akordiorik adostu patronaleko presidentea sindikatuekin akordioa lortzeko aurrerapausua ematera ausartu egin ez delako", esan du Mendezek prentsaurrekoan CCOOko idazkari nagusiarekin aldamenean.
Gero eta muga gogorragoak ezarri izana egotzi dio Mendezek patronalari, eta negoziazioen etetea joan den astelehenean gertatu zela jakinarazi du, orduan, patronalak aurkeztu baitzuen "erlojuen orratzak eta egutegiko datak atzera egitea eragin zuen proposamena.
UGTko idazkari nagusiaren esanetan, joan den ostegunean proposamena idazten hastea adostu zuten, baina agiri hori negoziazioen etetea eragin duen "oinarrizko materiala" izan zela ziurtatu du.
Datorren astean Gobernuak aurkeztuko duen lege-proiektuaren harira, Mendezek esan du akordio sozialaren edukia kontuan izatea espero duela; halaber, negoziazio kolektiboaren oreka ez apurtzea espero duela esan du.