Ekonomia -
"E. coli" bakterioa
Alemaniaren arabera, bakterioa ez da Espainiako pepinoen bidez zabaldu
Baliteke Europar Batasunak Espainiako nekazariei laguntzak ematea pepinoen krisiaren ondorioz jasandako galerei aurre egiteko.
Erredakzioa
Espainiako pepinoak ez dira E. coli bakterioaren agerraldiaren jatorria, Cornelia Prüfer-Storks Hanburgoko Osasun senatariak jakinarazi duenez. E. coli bakterioak kutsatuta, 15 pertsona hil dira dagoeneko eta 1.400 pertsona gaixotu dira Alemanian. Suedian beste emakume bat hil da Alemanian izan ostean.
Osasun senatariak Hamburger Abendblatt egunkarian azaldu duenez, laborategian egin duten bigarren azterketaren arabera, Espainiako pepinoetan aurkitutako bakterioaren aldaera ez dator bat gaixoen gorozkietan aurkitutakoarekin.
Horren esanetan, gaixoen gorozkietan atzemandako O104 aldaera ez dator bat Hanburgo erdialdeko merkatuan saldutako Espainiako barazkiekin. Izan ere, erabat oldarkorra da eta antibiotikoek ez diote eraginik egiten.
"Aurrekoan bezala, agerraldi infekziosoaren jatorria ez dute identifikatu", esan du Osasun senatariak.
Prüfer-Storks izan zen hasiera batean Espainiako pepinoak infekzioaren iturria zirela esan zuenak, eta agerraldiaren unerik larriena "oraindik ez da iritsi", esan du orain.
Bestalde, Hanburgoko Garbitasun Institutuak merkatuetako, dendetako eta jatetxeetako tomateen, pepinoen eta letxugen azterketak egiten jarraitzen du, infekzioaren iturriaren bila, hori baita agerraldiari aurka egiteko modurik onena.
Infekzioaren lehen kasua atzeman zenetik, gutxienez 15 pertsona hil dira E. coli horren ondorioz, gehienak emakumeak. Bestalde, 1.400 pertsona gaixotu dira; horietatik 570, Hanburgon.
Holandak iragarri duenez, 168 pepino aztertu dituzte, eta Holandako barazkiek ez dutela E. coli bakterioa ondorioztatu dute.
Laguntzak Espainiako nekazariei
Baliteke Europar Batasunak laguntzak ematea Espainiako nekazariei pepinoen krisiaren ondorioz jasandako galerei aurre egiteko.
Halaber, Espainiak kalte-ordainak eskatuko dizkio Europako Batzordeari azken astean Europako Erdialdeko zenbait herrik, eta Errusiak eta Erresuma Batuak Espainiako barazkien inportazioa bertan behera utzi ostean.
Jose Antonio Alonso alderdi sozialistako Parlamentuburuak esan du Alemaniak oso gaizki eraman duela krisia. Hildakoak eta gaitzartutakoak asko izan dira eta gauza larria dela esan du, baina Alemanian krisia ez dutela ondo eraman gaineratu du.