Ekonomia -
Milioi bat dolar
Strauss-Kahn bermepean aske uztea erabaki du epaileak
NDFko zuzendari ohia etxean giltzapeturik egongo da epaiketa egin bitartean. Gainera, besoko elektroniko bat eraman beharko du bere mugimenduak kontrolatzeko.
Erredakzioa
Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsako (NDF) zuzendari ohia milioi bat dolarreko bermepean aske uztea erabaki du gaur epaileak. Strauss-Kahn etxean giltzapeturik egongo da epaiketa egin bitartean.
Strauss-Kahnek besoko elektroniko bat eraman beharko du bere mugimenduak kontrolatzeko eta bideo kameren zaintzapean izango dute 24 ordu egunero, epaileak erabaki duenez.
Hala ere, Strauss-Kahnek kartzelan pasan beharko du gaua, izan ere, bihar arte fidantza esleitzea ez da posible izango.
NDFko zuzendari ohia fidantzapean aske uztearen kontra azaldu dira fiskalak, epaitegiaren aurrean berriz aurkezteko berme nahikorik ez dagoela argudiatuta. Zentzu horretan, "krimenaren tokitik azkar ihes egin" zuela gogorarazi dute fiskalek, eta susmagarriak "jarrera kriminala errepikatu" duela gaineratu dute.
Formalki salatu dute
NDF zuzendari ohia formalki salatu du gaur epaimahaiak, 32 urteko emakume bat bortxatzen saiatzeagatik eta sexu-abusuengatik. Horrela, New Yorkeko Fiskaltzak aurkeztutako karguengatik salatu dute.
Auzitegiak eskuetan dituen frogak "nahikoa sendoak" dira NDFko zuzendari ohia auzipetzeko, New Yorkeko Fiskaltzaren hitzetan.
Dominique Strauss-Kahnek dimisioa eman du gaur bortxaketa saiakera leporatuta kartzelan dagoelako. Nazioarteko Diru Funtsak zabaldu duen agirian azaldu dutenez, Strauss-Kahnek dimisioa aurkeztu dio gaur Washingtonen egoitza duen nazioarteko finantza erakundearen zuzendaritzari eta ukatu egin ditu bere kontrako salaketak gutun batean.
Strauss-Kahnek "tristezia handiarekin" hartu omen du erabakia, eta "inor baino gehiago maite" duen emaztearengatik, seme-alabengatik, familiarengatik eta lagunengatik. Strauss-Kahnek NDFko lankideak ere izan ditu gogoan: "Gauza handiak lortu ditugu azken hiru urtetan".
Era berean, dimisioa emateko erabakia erakundea babesteko erabakia ere izan dela gaineratu du, eta hemendik aurrera bere "indar, denbora eta energia guztia errugabetasuna frogatzeko" lanean gastatuko duela azpimarratu du.
Iragan larunbatean Manhattango hotel bateko langile bati sexu-erasoa egitea leporatuta atxilotu zutenetik, presioa handia izan da Strauss-Kahnek duela hiru urte eta erdi hartu zuen kargua utz zezan.
Nazioarteko Diru Funtsaren akziodun nagusia AEBetako Altxorra da eta bere idazkariak, Timothy Geithnerrek, esan zuen Strauss-Kahn ez dagoela NDF zuzentzeko "moduan". Antzeko adierazpenak egin zituen William Hague Britainia Handiko Atzerri Gaietarako ministroak, finantza gizon frantziarraren egoera "oso zaila" zela esan zuenean.
Oinordekotza
Orain, John Lipskyk hartuko du Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendaritza behin behinean, eta oinordekotzarako lasterketa hasiko da.
Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendaria Europakoa izan ohi da, II. Mundu Gerraren ondoren egindako akordio batengatik Munduko Bankuaren presidentea beti izango baita AEBetakoa.
Baina Europaren monopolioa kolokan egon liteke susperraldian dauden herrialdeek egungo sistema aldatu nahi dutelako.
Zerbitzariaren abokatua
Zerbitzariaren eta Dominique Strauss-Kahnen artean adostutako sexu-harremanik izan ez zela ziurtatu du gaur Jeffrey Shapiro emakumearen abokatuak.
"Adostutako sexua izan zirela esatea gezurretan aritzea del uste dut", adierazi du Shapirok, NBC telebistan egindako adierazpenetan. New Yorkeko luxuzko hoteleko langilea ordezkatzen Shapirok.
"Hoteleko logela horretan adostutako ezer gertatu ez" zela nabarmendu du emakumearen defentsak, Strauss-Kahnen abokatuari erantzunez.