Ekonomia -
2010ean baino % 30,7 gehiago
Arrantzaleek 6,2 milioi kilo antxoa harrapatu dituzte
Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeak adierazi duenez, "gure arrantzaleen harrapaketak produktu hau balioztatzeko publizitate kanpainarik onena dira".
Erredakzioa
Euskal arrantzaleek 6,2 milioi kilo antxoa ekarri dituzte portuetara, 2010 osoan hartutakoa baino % 30,7 gehiago. Datuak Jon Azkue Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeak eman ditu.
Sailburuordeak azaldutakoaren arabera, aste honetan milioi bat kilo zenbatu dituzte. Aurtengo arrantza kanpaina zabalik izango da ekainaren bukaera arte.
Azkuek Ondarroako Arrantza Azokan egin ditu adierazpen hauek, Eusko Jaurlaritzak eta Udalarrantzek ''Euskadiko Arrantza Azokak'' markaren barruan antolatuta. Bizkaiko udalerria, gainera, Antxoa Egune ospatzen ari da.
Sailburuordeak nabarmendu duenez, "gure antxoak kalitate handia dauka, balioztatu egin behar dugu eta merkatuetan, jantokietan, kontserbategietan eta etxeetan berriro sartu, ''Kantauriko altxorrak'' merezi duen tokian".
"Gure arrantzaleen harrapaketak produktu hau balioztatzeko albiste eta publizitate kanpainarik onena dira", gaineratu du Azkuek.