Ekonomia -

Gizarte Segurantza

Pentsiodunen kopurua % 1,3 eta % 1,5 hazi da ekainean EAEn eta Nafarroan

Euskadin batez besteko pentsioa 1.231,58 eurokoa izan da, iazko hilabete berean baino % 5,8 handiagoa. Nafarroan, berriz, batez beste, 1.138,48 euro jaso ditu pentsiodun bakoitzak, % 5,6 hazi baitira.

Pentsiodunen kopurua EAEn eta Nafarroan. Argazkia: ETBko bideo batetik aterata
Bi pentsiodun Osakidetzako korridore batean
Pentsiodunen kopurua EAEn eta Nafarroan. Argazkia: ETBko bideo batetik aterata

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 558.374 pentsio izan dira ekainean, hau da, aurreko urteko ekainean baino % 1,3 gehiago. Bestalde, batez besteko pentsioa 1.231,58 eurokoa izan da, iazko hilabete berean baino % 5,8 handiagoa.

Horrela, Estatuko Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak astelehen honetan jakinarazi dituen datuen arabera, EAEko pentsioak Estatuko altuenak dira, eta Asturiaskoak (1.168 euro) eta Madrilgoak (1.165 euro) daude zerrenda horretan jarraian.

558.374 pentsioen artean erretiro-pentsioak dira nagusi: 361.923 daude eta, batez beste, 1.401 eurokoak dira. Jarraian, alarguntza-pentsioak daude, 135.526 ordaindu baitituzte; batez beste, 866 euro jaso dituzte horien hartzaileek ekainean.

Bestalde, ezintasun iraunkorra duten 43.058 pertsonak jaso dute pentsioa ekainean; batez beste, 1.250 euro jasotzen dituzte hilean. Azkenik, 15.539 umezurtz-pentsio eman dituzte ekainean Euskadin (481 eurokoak, batez beste), eta senideen aldeko 2.328 eman dituzte (713 eurokoak, batez beste).

Pentsioen batez besteko kopuruari dagokionez, Araban batez beste 1.252,21 euro jaso dituzte pentsiodunek; Bizkaian, 1.243,31 euro; eta, Gipuzkoan, 1.205,06.

Nafarroan

Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, 136.865 pentsio ordaindu dira ekainean, 2018ko hilabete berean baino % 1,5 gehiago, eta, batez beste, 1.138,48 euro jaso ditu pentsiodun bakoitzak, % 5,6 hazi baitira.

Ordaindutako pentsio guztien artean, ezintasun iraunkorreko 10.873 pentsio ordaindu dituzte Nafarroan ekainean; batez beste, 1.153 eurokoak izan dira. Erretiro-pentsioei dagokienez, 91.681 izan dira (batez beste, 1.287 eurokoak), eta 29.684 alarguntza-pentsio (batez beste, 780 eurokoak).

Nafarroan, 4.219 umezurtz-pentsio izan dira (batez beste, 424 eurokoak), eta senideen aldeko 408 (batez beste, 618 eurokoak).

Estatuan

Espainian, berriz, 9.733.234 pentsio ordaindu dituzte ekainean, 2018ko hilabete beran baino % 1,24 gehiago, eta, batez beste, 1.137,99 euro jaso ditu pentsiodun bakoitzak, % 5,01 hazi baitira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Gaurko azken ordukoa Erretirodunak azken ordukoa