Ekonomia -
Ekainean bukatuko da
Arrantzaleek 3,5 milioi kilo antxoa harrapatu dute aurtengo kanpainian
Pilar Unzalu sailburuak 'Kantauri itsasoko altxorra' kanpaina aurkeztu du gaur, antxoaren kontsumoa bultzatzeko.
Erredakzioa
Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak bere poza adierazi du gaur aurtengo antxoa kanpainaren "datu onak" aurkeztu ondoren. Izan ere, dagoeneko iaz porturatu ziren antxoa kilo guztien % 74 arrantzatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan.
Unzaluk ''Kantauri itsasoko altxorra'' kanpaina aurkeztu du gaur, antxoaren kontsumoa bultzatzeko. Helburua, Kantauri itsasoko antxoa merkatuetan, jatetxetan eta kontserba-industrian berriro sartzea da, azken bost urteetan antxoaren arrantza debekatua egon eta gero.
Sailburuak gogoratu duenez, Azti-Tecnalia Kantauri itsasoko antxoaren populazioari buruzko ikerketetan oinarritu zen Eusko Jaurlaritza bai Espainiako Gobernuaren aurrean baita Europan ere 2010ean antxoaren arrantza ireki zedin "presio handia" egiteko.
Horrela, arrantzaleei "7.000 tonako urteko harrapaketa-kopurua (TAC) egokitu zitzaien eta horietatik 4.742.599 kilo arrantzatu zituzten iaz, lonjetan 12,9 milioi euroko irabaziak lortuz", Unzaluk azaldu duenez.
2011. urterako, Europar Batasunak 15.600 tonako TAC-a onartzea erabaki zuen, beti ere datu zientifikoetan oinarrituz; "kopuru horrek aurrera egiteko kemena ematen digu, dudarik gabe, espezie horren arrantzaren eta horrekin batera lehorrean sortzen duen ekonomia jardueraren normalizazioaren alde egiteko", esan du.
Bide horretan, aurtengo antxoaren kanpaina honetan EAEko portuetan "3.517.305 kilo antxoa lehorreratu dira eta, bataz beste, 2,66 eurotan saldu da kiloa. Harrapaketa bolumen horrek 2010. urtean Euskadiko portuetara iritsi zenaren %74,1 suposatzen du", Unzaluren hitzetan.
Arrantzaleak ekaina bukatu arte itsasoan egongo dira. Ondorioz, Jaurlaritzak uste du "oso datu positiboak izango ditugula kanpaina amaieran".
"Horregatik, arrantzaleengana, kontserba-industriarengana, banatzaileengana eta kontsumitzaileengana zuzendu gara gure arrantzaleek ekartzen duten antxoa kalitate handiko jakia dela eta, berriro ere, kontsumitzaileen eskura dagoela esateko. Eta hori baloratu egin behar dugu”, gaineratu du.
Elikagai horren baloreak azpimarratzeko, promozio kanpaina egiteaz gain Eusko Jaurlaritzak datorren maiatzaren 6, 7 eta 8ko Getariako Arrantza Azokako protagonista antxoa izatea erabaki du. Asteburu horretan, beraz, Antxoaren Eguna ospatuko da.