Ekonomia -
Lan gatazka
Sindikatuek Bizkaiko metalaren grebari eutsi diote patronalarekin bildu ostean
ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk "lan-hitzarmenaren negoziazioko blokeoari irtenbidea emateko interesik ez" izatea leporatu diote patronalari.
agentziak | erredakzioa
ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Bizkaiko metalaren sektoreko bost greba egunekin jarraitzea erabaki dute gaur patronalarekin bildu ostean, izan ere, ez diote ikusi "lan-hitzarmenaren negoziazioko blokeoari irtenbidea emateko interesik".
Bizkaiko metalaren lan-hitzarmena negoziatzeko mahaiak bilera egin du gaur goizean, eta agerian geratu dira berriro sindikatuek eta Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioaren arteko desadostasunak.
Lehenengo bilera da aurreko maiatzaren 10ean sindikatuek aldarrikapen guztiak plataforma batean bildu eta maiatzaren 23rako eta ekainaren 6, 7, 20 eta 21erako greba deitu zutenetik. Sektorean lan egiten duten 50.000 beharginak daude protesta egitera deituta.
Patronalak "ezustean" hartu du sindikatuek plataforma osatu izana 14 hilabeteko negoziazioarekin ostean, eta protesta deialdiak bertan behera uzteko eskatu die.
Bileraren ostean plataformak zabaldutako prentsa-oharrean zabaldu duenez, plataformaren aldarrikapenen inguruko argibideak eskatu dizkie sindikatuei, hurrengo bileran erantzuna eman ahal izateko.
Patronalak salatu duenez, aldarrikapen batzuk ez dira bateragarriak "sektoreko enpresen lehiakortasunarekin eta langileentzat baldintza duinak eskaintzen dituen lanpostuak sortzeko gaitasunarekin".
Horren aurrean, ELAk esan du patronala "eroso" dagoela "egungo blokeo egoeran", eta akordiorako eta berriro biltzeko "presarik ez" izatea leporatu dio.
CCOOk egotzi dio ez diela sindikatuei erantzun, eta bileran "argibideak eta denbora gehiago eskatzera" mugatu dela, Bizkaiko metalarentzat "lan-hitzarmen duina negoziatzeko asmo eskasa agerian" utziz.
LABen arabera, "patronalak berriro erakutsi du lan baldintzak prekarizatzea duela helburu bakar".
Era berean, UGTk "lan-hitzarmenaren negoziazioaren blokeoari irtenbidea emateko interesik ez" izatea eta sindikatuen aldarrikapenei "entzungor" egitea egotzi dio.
Plataformak jasotzen dituen aldarrikapenen artean hauek daude: KPIa eta beste bi puntuko igoera tauletan eta KPI eta puntu bat benetako soldatan, 2018ko urtarriletik dauden atzerapenak ordaintzea, urteko lanaldia 8 ordu murriztea, subrogazio eskubidea, behin behinekotasuna mugatzea, Lan Erreformaren aurrean babestea, genero berdintasunean aurrera egiteko neurriak, eta lan osasuna hobetzea.
Negoziazio mahaia ekainaren 3an elkartuko da berriro.