Ekonomia -
Hirugarren aldiz
Amiantoaren biktimentzako lege bat eskatu dio berriro Legebiltzarrak Kongresuari
2016tik hirugarren aldiz egin du eskaera, aho batez. Estatu mailako funts bat sortzea eskatu du Eusko Legebiltzarrak, substantzia horren eraginpean egon diren biktimei ordaintzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak estatu funts bat sortzeko legea onar dezala eskatu dio Diputatuen Kongresuari, azken urteetan hirugarren aldiz, amiantoaren biktimei ordaintzeko. Heriotza eta gaixotasun larri ugari eragin ditu substantzia kartzinogeno horrek.
Aho batez onartu dute testua Legebiltzarreko talde guztiek (EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE-EE eta PP), 2016 eta 2017an Gorte Orokorretara eraman zuten legegintzako ekinbide beraren bitartez.
Estatu mailako lege bat onartzeko bi saiakera horien ostean, Legebiltzarrak beste behin eskatu dio. Aurrekoek prozesuan eta epeetan egindako akatsengatik geratu ziren erdibidean.
Aho batez eta eztabaidarik gabe onartu duten testuak nabarmentzen duenez, 1994 eta 2008 artean Espainian 3.943 pertsona hil ziren amiantoari zuzenean lotutako gaixotasunengatik. Garai batean eraikuntzan eta industrian asko erabili zuten substantzia hori debekatu egin zuten, kartzinogenoa dela baieztatu ondoren.
Horregatik, amiantoaren biktimei kalte-ordaina emateko estatu funts bat sortzea eskatzen du Legebiltzarrak, substantzia horren eraginpean jartzeagatik jasandako "kaltea erreparatzeko".
Biktimen egoera "arindu"
Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak estatu funts bat sortzeko eskaera oraingoan "entzutea" eskatu du. Zenbait ordezkari Legebiltzarreko bozketan izan dira.
Elkartearen arabera, biktimen eta familiarren egoera "arintzea" da horren helburua. Kalte-ordainak eskatzeko "prozesu judizial luzeekin" bukatzeko lagunduko luke, eta arrazoi desberdinengatik "erreklamazioa egiteko enpresarik ez duten pertsonak babestuko lituzke".