Ekonomia -

Zapatero Txinan

Espainia hazkundearen bidean dagoela uste du Txinak

Pekinek iragarri duenez, Espainiako zorra erosten eta aurrezki kutxen berregituraketa prozesuan inbertitzen jarraituko du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak onartutako neurri "erabakigarri eta indartsuak" goraipatu ditu Li Keqiang Txinako lehen ministrordeak; izan ere, "egoeraren zailtasunak” gainditzen lagundu dute neurri horiek, eta, bere iritziz, Espainiako ekonomia suspertze ekonomikoaren bidean dago.

Hitz horiekin hartu du Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea Lik, askoren ustez hurrengo lehen ministroa izango denak. Jarraian, Zapaterok hitz hauek esan ditu: "Txinaren laguntza izatea oso garrantzitsua izan da krisiaren zailtasunei aurre egiteko".

Lirekin bildu aurretik, Zapatero Wen Jiabao lehen ministroarekin egon da. Jiabaoren hitzetan, Txinak Espainiako zorra erosten eta aurrezki kutxen berregituraketa prozesuan inbertitzen jarraituko du.

Fiskalitatea finkatzeko eta ekoizpen sistema berrezartzeko erreformen lan "nekeza" egin eta gero Espainiako ekonomiaren inguruan erakutsitako konfiantza eta babesa eskertu ditu Zapaterok, Miguel Sebastian Industria ministroak lagunduta.

Zapaterok bere Gobernuak martxan ipinitako ekimenak azaldu dizkie berriro Txinako agintariei, lan merkatuaren eta pentsioen erreformatik hasita finantzen berregituraketaraino. Horri esker merkatuetan konfiantza berreskuratu dutela azaldu du Zapaterok.

Topaketaren ondoren, Lik ohorezko afaria eskaini dio Zapaterori. Han, Banco Santander, Gamesa, Mondragon Kooperatiba, Nutrexpa, Antolin Taldea, Indra, EADS, Alsa eta Maxam enpresetako ordezkariak ere izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea