Ekonomia -

Lan-gatazka

Loiuko aireportuan deitutako lurreko langileen greba, bertan behera

Beste alde batetik, Bilboko Aireportuko 'finger' edo pasareletako 13 langileek laugarren greba eguna dute gaur. Lanuztearen ondorioz, zenbait hegalditan batez beste 20 bat minutuko atzerapena izan da.

Loiuko Aireportua. Artxiboko argazkia: EFE
Loiuko Aireportua. Artxiboko argazkia: EFE
Loiuko Aireportua. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UGT eta USO sindikatuek bertan behera utzi dituzte apirilaren 21erako eta 24rako Espainiar Estatuko aireportu guztietan deituta zeuden ‘handling’ edo lurreko langileen egun osoko grebak, patronalarekin negoziaziora itzultzeko akordioa lortu ostean.

UGTk jakitera eman duenez, enpresak atzera egin eta sindikatuen proposamena onartu du. Gauzak horrela, patronalak ez du aurrera eramango langile subrogatuen klausula, % 10 eta % 30 arteko galera eragiten baitzien langileei. Sindikatuak azaldu duenez, “onartezina” da klausula horrek langileei eragiten dien galera ekonomikoa.

Hala, hurrengo egunetan deituko dute negoziazio mahaia, eta negoziazioei amaiera emateko epe jakin bat jartzeko konpromisoa ere hartu dute bi aldeek. Ondorioz, maleten eta bidaiarien ontziratzeaz arduratzen diren AENAko langileek haien lan baldintzak hobetzea lortuko dute.

“Hurrengo egunetan bilduko da negoziazio kolektiboaren mahaia, eta denbora gehiegi irekita eman duen hitzarmena behingoz ixtea da UGTren asmoa”, esan du sindikatuak.

Espainiar Estatuko aireportu guztietan lan egiten duten ‘handling’ sektoreko 60.000 langile zeuden grebara deituta. Zehazki, maleten eta bidaiarien ontziratzeaz arduratzen dira, eta sektoreak 900 milioi euroko irabaziak lortzen ditu urtero.

Loiuko pasabidetako langileak, greba mugagabean

Beste alde batetik, Bilboko Aireportuko 'finger' edo pasareletako 13 langileek laugarren greba eguna dute gaur. CSIF sindikatuak deituta, greba mugagabea abiatu zuten, % 5eko soldata igoera eta lan baldintza eta instalazioak hobetzea eskatzeko.

Lanuzteak Aste Santuko oporren hasierarekin bat egin du, hegaldi kopurua nabarmen hazten den garai batekin, alegia. Bost jaiegunotan 869 hegaldi hartuko ditu Bilboko Aireportuak. Bidaiariak hegazkinetara eramateko erabiltzen diren tunel edo pasarelak garraiatzeaz eta mantentzeaz arduratzen dira greban dauden langileak.

Lanuztearen ondorioz, zenbait hegalditan batez beste 20 bat minutuko atzerapena izan dela nabarmendu dute protestan diren langileek. Aireportuko zuzendaritzak, aldiz, greba oso eragin txikia izaten ari dela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilboko azken albisteak Donostia albisteak Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Gasteiz Gaurko azken ordukoa Foronda albisteak Hondarribiko aireportua albisteak Lan gatazkak