Ekonomia -

EBko ministroen bilera

Portugalek 80.000 milioi euroko diru-laguntza behar du

Portugalen erreskatea gauzatzeko, fiskalitatea sendotzeko programa "zorrotza" negoziatzen hasiko da Europako Batzordea Portugalekin, "maiatzaren erdialdean" prest izateko helburuz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Portugalek 80.000 milioi euroko diru-laguntza beharko du "seguru asko", Olli Rehn Europar Batasuneko Ekonomia Gaietarako komisarioaren hitzetan; dena den, diru-kopurua zehatz-mehatz jakiteko goiz dela esan du.

EBko Finantza ministroen bileraren ostean egin ditu Rehnek adierazpen horiek. Portugaleko erreskatea gauzatze aldera negoziatzen hasteko eskatu diote ministroek Europako Batzordeari; fiskalitatea sendotzeko programa "zorrotza" negoziatu beharko dute, "maiatzaren erdialdean" prest izateko.

Negoziazioak "berehala" hasiko dira Europako Banku Zentralarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin.

"Portugaleko alderdi politiko nagusiekin negoziatu beharko dituzte laguntzaren baldintza zorrotzak", adierazi du Jean Claude Juncker Euroguneko presidenteak.

"Portugaleko alderdi politiko guztiei egoera ekonomikoa hobetzeko neurrien programa hitzartzeko eta ekainaren 5eko hauteskundeen ostean gobernua osatzeko eskatu diegu; gobernu horrek ahalmena izan beharko du fiskalitatea sendotzeko eta adostutako neurriak abian jartzeko", EBko Finantza ministroen agiri baten arabera.

Laguntza jasotzeko baldintzei dagokienez, martxoaren 11n Gobernuak aurkeztutako neurriak, Portugaleko Parlamentuan errefusatutako neurri horiek, "abiapuntu bat" direla esan dute Europako Finantza ministroek.

Halaber, "pribatizazio programa handia" eskatu dute, "Gobernuaren zorra arintzen lagunduko baitu", Renhen esanetan.

Era berean, kontu publikoen fiskalitatea sendotzeko programa "handia" abiatu beharko du Portugalek; lan-merkatuan eta produktuetan erreformak gauzatu, lehiakortasuna eta berrikuntza sustatu, eta finantza sektorearen likideziari eta kaudimenari eutsi beharko diela esan dute.

Ildo horretan, Rehnek iragarri duenez, Portugaleko bankuek diru-laguntza beharko dute likidezia eta kaudimena bermatzeko, baina ez du argitu laguntza hori zenbatekoa izango den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea