Ekonomia -
Asanblada orokorra
Laboral Kutxak 133 milioi euroko etekina lortu zuen, 2017an baino % 10 handiagoa
Txomin Garcia erakundearen presidenteak iragarri du "egungo sozietate ereduari eutsi" egingo diola.
agentziak | erredakzioa
Txomin Garcia Laboral Kutxaren presidenteak aurreratu du banketxeen egungo egoera "zalantzaz eta mehatxuz betea" dagoela, baina "aukerak" ere badirela; horregatik, "egungo sozietate ereduari eutsi" egingo omen dio.
Euskal kreditu kooperatibak Asanblada Orokorra egin du gaur Donostiako Kursaalen, eta bazkideek "aho batez" babestu dituzte urteko diru kontuak eta 2018ko Kudeaketa Txostena, erakundeak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez.
Laboral Kutxak 133,7 milioi euroko etekin garbia izan zuen 2018an, 2017an baino % 10,06 handiagoa.
Txomin Garciak bazkideen aurrean azpimarratu du "meritua" dutela emaitza horiek, "exijentzia izugarri handiko testuinguru honetan". Horren harira, aurreko urtean interes tasa "oso baxuak" pairatzen jarraitu zutela gogorarazi du.
Hori horrela, Laboral Kutxak urte "ona" izan zuela goraipatu du Garciak, eta hori merkataritza jarduera "handia"ri esker izan zela, kreditu berrien gorakada "nabarmena" ekarri zuelako. Izan ere hipoteka mailegu berrien kopurua % 18,7 hazi zen, enpresa txiki eta ertainen kreditu kopuruak % 18,8 egin zuen gora, eta autonomo eta negozio txikiei emandakoen kopuruak % 14,5.