Ekonomia -

Martxoko datuak

Inoiz baino langabe gehiago Espainian: 4.333.669

EAE langabezia gehien hazi den erkidegoa izan da (% 4,19 otsailetik eta % 9,72 urtebetean). Nafarroan, tasa % 1,22 jaitsi da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako langabezia-tasak beste marka historiko bat gainditu du martxoan, Enplegu Zerbitzu Publikoak 4.333.669 langabe zenbatu baititu, hots, aurreko hilabetean baino 34.406 (% 0,8) gehiago.

Urtebetean, tasa 167.056 pertsonatan (% 4,01) handitu da.

Langabezia sektore guztietan hazi da, baina batik bat zerbitzuetan (% 0,59), aldez aurretik lana ez zutenen sektorean (% 2,77), nekazaritzan (% 4,14), industrian (% 0,34) eta eraikuntzan (% 0,22).

EAEko datuak

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, langabezia % 4,19 igo da (6.095 pertsona), eta guztira 151.551 pertsona daude orain lan bila.

EAE Estatuan langabezia gehien handitu den lurraldea izan da, eta hazkundea batik bat Araban izan da handia. Bertan, tasak % 11,9 egin du gora, Gipuzkoan % 2,99 eta Bizkaian % 2,7.

2010eko martxoko datuekin alderatuta, langabezia % 9,72 hazi da, hots, 13.426 pertsona gehiago lan gabe.

Joan den astean, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak iragarri zuen beste 7.500 langabe zenbatu dituztela Lanbide enplegu zerbitzu berriaren datu-basea eguneratzean.

Nafarroako datuak

Foru Erkidegoa langabezia murriztu den lauetako bat izan da.

Hain zuzen ere, portzentajea % 1,22 jaitsi da otsailetik, 561 pertsonak lana aurkitu baitute.

Iazko martxoko datuen aldean, baina, langabezia % 3,55 igo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea