Ekonomia -
Auzitegi Gorena
Gorenak kalte-ordainerako eskubidea ukatu dio Osakidetzako bitarteko langile bati
Gorenak arrazoia eman dio Eusko Jaurlaritzaren helegiteari, eta ordezkapenengatik egiten diren bitarteko kontratuak eteteagatik legediak kalte-ordainik ez duela aurreikusten azpimarratu du.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Gorenak erabaki du bitarteko langileek ez dutela kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik kontratua eteten denean, Espainiako Estatuko legediak ez duelako aurreikusten inolako kalte ordainik ordezkapenetarako egiten diren bitarteko langileentzat.
Osakidetzako langile baten kasua da aztertutakoa. Lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko ordaina eskatu zuen (4.000 euro) bere errelebo kontratua (2012ko ekainaren 1etik 2016ko urriaren 18ra) amaitu zenean.
Argitu beharrekoa zen ea langileak lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko ordaina jasotzeko eskubidea ote zuen, horixe jasotzen baitu Langileen Estatutuak, Europako doktrinari jarraituta.
Hasiera batean Justiziak arrazoia eman zion langileari, baina Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zuen horren aurka, eta Gorenak auzia Europar Batasuneko Justizia Auzitegira igorri zuen.
Luxenburgon egoitza duen auzitegiak adierazi zuen arau europarra ez dela Espainiakoaren aurkakoa, eta Espainiakoak ez duela kalte-ordainik aurreikusten ordezkapenetarako egiten diren bitarteko kontratuak eteten direnean.
Europar Batasuneko irizpideak epemuga duten kontratuak (behin behinekoak-bitartekoak) eta finkoak parekatzen ditu, tartean errelebo kontratua.
Kasu honetan, kontratua aurreikusitako datan amaitzen denez, ez dago kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik.