Ekonomia -
Lan gatazka
Itunpeko ikastetxeetan deitutako grebak, bere horretan, negoziazioak kale egin ostean
Apirilaren 1etik 4ra beste lau greba daude deituta, sindikatuek eta patronalak astelehenean egindako bilera antzuaren ondotik.
EITB.EUS
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte ekimeneko itunpeko hezkuntzako sindikatuek —ELA, Steilas, LAB, CC.OO. eta UGT— datorren asterako egin duten lau eguneko greba deialdiari (apirilak 1, 2, 3 eta 4) eutsi diote, negoziazioak kale egin ostean.
Aurrez, ikasturtea hasi zenetik, beste 18 greba egun egin dituzte langileek. Guztira, 250 ikastetxetako 9.000 behargin inguru dira, eta 100.000 ikasleri eragiten dio gatazkak. Maiatzean beste bi greba egun dituzte iragarrita.
Sindikatuek eta Kristau Eskolak (nagusi den patronala) astelehenean egin zuten hitzarmena negoziatzeko mahaiaren bilera, eta akordiorik gabe bukatu zen. Sindikatuak "etsita" atera ziren hitzordutik, eta salatu zuten patronalak aurreko proposamenetatik egindako "hobekuntza bakarra" soldatei dagokiena izan zela. Euren ustez, "horrek erakusten du badutela gaitasun ekonomikoa gure erosmen ahalmena berreskuratzeko soldata igoera bat eskaintzeko".
Kritikatu zutenez, Kristau Eskola "hainbat gairekin tematuta" dago, esaterako, soldata igoera Eusko Jaurlaritzaren finantzazioari lotzen jarraitzen du.
Kristau Eskola patronalak, bere aldetik, ohartarazi zuen bere proposamena hobetzea ez dela bideragarria eta "azkeneko eskaintza" dela.
Bien bitartean, bi aldeei "jarrera maximalistak" baztertzea eskatu zien Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Horren iritzian, "ez da onargarria halako gatazka bati eustea, denboran hainbeste irauten duten ondorio larriak kontuan hartuta".