Ekonomia -
Enplegu politika aktiboak
7.500 langabe gehiago zenbatu dituzte Lanbideren datuak eguneratzean
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Langai zerbitzuan zituzten izenak datu-base berrira pasa dituztenean desfasea atzeman dute eta orain langabezia tasa % 10,84tik % 11,04ra igo da.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Langai zerbitzuan zeuden eta Inemeko zerrendetan ageri ez ziren 7.500 langabe gehiago zenbatu ditu Lanbideren datu-basea eguneratzerakoan. Desfase horrek langabezia-tasa % 10,89tik % 11,04ra igo du.
Javier Ruiz Lan sailburuordeak eta Javier Ramos Lanbideren zuzendari nagusiak azaldu dituzte enplegu politika aktiboen eskumena jaso ondoren egiten ari diren datu eguneratzearen nondik norakoak.
Langai enplegu zerbitzuaren zerrendetan zeuden langabe asko Inemen zerrendetan ez zirela ageri ikusi dute Gemma Zabaleta buru duen Lan Saileko ordezkariek.
Izan ere, Langain zeuden 7.500 inguru langabe ez zeuden Inemen. Ramosek azaldu duenez, Langaik etengabe bidaltzen zizkion datuak Inemi, baina horrek ez zuen "ez eskubiderik ez beharrik" izen horiek langabe erregistratu gisa zenbatzeko.
Datu horiekin, EAEn 152.956 pertsona daude lan bila Lanbideren zerrendetan, eta langabezia-tasaren datu erreala % 10,89tik % 11,4ra igo da.
Horrekin batera, Lanbidek 31.000 langaberen izenak kendu ditu datu-basetik beste erkidego batzuetakoak zirelako, eta hango zerbitzuetan ere izena emana zutelako.
Estatistika lan horri esker, EAEko langabezia datu erreala jakin da lehen aldiz 1996tik. Dena dela, Ramosek azpimarratu du langabezia-tasaren aldaketak ez duela zerikusirik lan-merkatuarekin, langabeen zerrendak eguneratzearekin baizik.
EAEko martxoko langabezia datuak datorren astelehenean jakinaraziko dituzte, baina Ramosek dagoeneko aurreratu du otsailarekiko alderik ia ez dela izango.