Ekonomia -
Protesta
Ertzainek isun gutxiago jarriko dituzte, baldintza hobeagoak eskatzeko
Kontzientziazio kanpaina bat hasiko dute, lan hitzarmenaren negoziazioa eskatzeko. Honen ondorioz, trafikoko arau-hausteen % 60k ez du zigorrik jasoko.
Erredakzioa
Erne, Esan, Sipe eta Euspel Ertzaintzako sindikatuek bihartik aurrera auto-gidariak kontzientziatzeko "kanpaina" bat jarriko dute abian, lan baldintza hobeagoak eta lan-hitzarmenaren negoziazioa eskatzeko. Kanpaina honen ondorioz, delitu arinengatik trafiko isun gutxiago jarriko dituzte agenteek.
Erne gehiengoa duen Ertzaintzako sindikatuak zenbatu duenez, ohiko trafikoko arau-hausteen % 60k ez du zigorrik jasoko. Hala ere, delitu larriak salatzen jarraituko dutela jakitera eman dute agenteek. Sindikatuen hitzetan, ekimenarekin bat egingo dituzten ertzainek "ez dituzte administrazio irregulartasunik egingo".
Kanpaina honen ondorioz, honako arau-hauste arinak zigortu barik geratuko dira: segurtasun-gerrikoa ez eramatea, autoaren argiak piztuta ez izatea eta gidatze bitartean telefono mugikorra erabiltzea, besteak beste. Halaber, kamioien takografoak ez dituzte egiaztatuko.
Kasu hauetan, ertzainek ez dituzte auto-gidariak geldituko edo egitekotan, berriro egin ez dezaten ohartarazteko izango da. Gainera, alkohol-kontroletan ohi den ibilgailu kopuru murritzago geldiaraziko dituzte. Hala ere, positiboan ematen duten gidariei isuna jarriko diete.