Ekonomia -
18. eguna
237 'txaleko hori' atxilotu dituzte Frantziako protestetan
Macron presidentea Pirinioetako eski estazio batean zen oporretan, eta Parisera itzuli da krisi mahaiarekin biltzera. Neurri zorrotzak hartuko dituela iragarri dute, gertatutakoa ez errepikatzeko.
agentziak | erredakzioa
'Txaleko horiak' kalera atera ziren atzo 18. larunbatez, eta istilu handiak eragin zituzten Frantziako Estatu osoan. Agintariek azaldu dutenez, 32.300 manifestari elkartu ziren, oro har, Estatu osoan; 10.000, hiriburuan.
Frantziako Poliziak jakinarazi du 237 lagun atxilotu dituela. 60 pertsona zauritu ziren, baina inor ez larri.
Istilu larrienak Eliseoko Zelaien inguruetan izan ziren, Poliziako agenteek kanoiak eta negarra eragiteko gasa erabili zituzten manifestarien aurka eta horiek barrikadak altxatu zituzten, eta ibilgailuak eta edukiontziak erre dituzte.
"Emmanuel Macron, iruzurraren buru!" eta "Zure etxea miatuko dugu!" izan dira protestarien oihuetako batzuk.
Franklin D. Roosvelt kalean dagoen banku baten sukurtsalean sutea eragin zuten. "Bi pertsona atera behar izan ditugu, bigarren pisuan harrapatuta geratu diren ama bat eta bere haurra" azaldu zuten suhiltzaileek. Gainera, hainbat protestarik lapurretak egin zituzten luxuzko jatetxe eta dendetan, Eliseoko Zelaietan.
Christophe Castaner Barne ministroak manifestarien artean "gaizkile profesionalak" daudela salatu zuen eguerdian, eta bankuko sutearen ondoren, "gaizkileak ez, hiltzaileak" direla esan zuen.
Debate nazionala bukatu eta hurrengo egunean gertatu dira istiluak. Emanuel Macron presidentea Pirinioetako eski estazio batean zen oporretan, eta Parisera itzuli da krisi mahaiarekin biltzera. Neurri zorrotzak hartuko dituela iragarri dute, gertatutakoa berriz ez errepikatzeko.
'Txaleko hori'en mobilizazioak azaroan hasi ziren dieselaren zerga igoera salatzeko, eta abenduan maila gorenera iritsi ziren protestak. Orduan, Macronek neurri ekonomikoak iragarri behar izan zituen protestak apaltzeko.