Ekonomia -
Greba itunpeko ikastetxeetan
Itunpeko eskoletako gurasoek sindikatuei: 'Esan dezatela negoziatu nahi duten ala ez'
Sindikatuek, berriz, 'erantzukizuna' eta 'behin betiko irtenbideak' eskatu dizkiete patronalei eta Hezkuntza Sailari.
EiTB.EUS
Negoziazioa ez atzera ez aurrera dagoela, eta konponbiderako aukerarik gabe. Egoera horretan egin dute greba bigarren egunez —ikasturte honetako 16.a— gizarte ekimeneko itunpeko hezkuntzako langileek.
Bien bitartean, ikastetxeetako umeen gurasoak "haserre eta gogaituta" atera dira hedabideen aurrera. Gurasoen elkarteak oso kezkatuta daude grebek ikasturtearen % 30 galtzea ekarriko dutelako, eta sindikatuei negoziatu nahi ote duten argitzea eskatu diete: "Esan dezatela publikoki negoziatu nahi duten ala ez".
Bizkaiko Familia-Gurasoen eta Ikasleen Gurasoen Federazio Katolikoak (FECAPP, gazteleraz) Bilbon duen egoitzan prentsaurrekoa eskaini dute guraso elkarteek. Irakurri duten agirian zalantzan jarri dute sindikatuen negoziatzeko borondatea. Mirian Gonzalez FECAPPeko presidenteak azpimarratu duenez, bi aldeek "arbitraje edo bitartekaritza batean hartu behar dute parte, behingoz gatazka hau konpontzeko"
Euren ustez, "lan gatazka gatazka politiko bihurtzen ari da, eta azken helburua itunpeko hezkuntza bertan behera uztea da".
Sindikatuek "erantzukizuna" eskatu dute
Bestalde, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek "erantzukizuna" eta "langileen eskakizunei behin betiko konponbideak" emateko eskatu diete patronalei eta Hezkuntza Sailari.
Berretsi dutenez, negoziatzeko prest eta "edukiak sakontzeko" prest daude. Gaurko grebari dagokionez, "langileen babes zabala" eduki duela azpimarratu dute, "atzoko jarraipenaren antzekoa".
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari auzian duen "erantzukizuna" ez saihesteko galde egin diote. Sindikatuon hitzetan, Uriarteren Sailak "itunpeko ikastetxeetako beharginen lan baldintzen eta hezkuntza kalitatearen arduraren zati bat badu, eta eskua hartu behar du gatazka konpontzeko".
Izan ere, sindikatuek uste dute "patronalari eta Hezkuntza Sailari dagokiela" gatazka bideratzea. "Bakoitzak bere erantzukizuna onartu dezala, eta har ditzala hartu beharreko neurriak", erantsi dute.
Bestalde, Kristau Eskola patronalak gaurko grebaren jarraipeneko datuak eman ditu. Atzo baino langile gutxiagok (% 16) egin zuten greba, bere hitzetan.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 250 ikastetxetako 9.000 langile inguru greba egitera deitu dituzte ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. 100.000 ikaslek ikasten dute bertan. EAEko itunpeko ikastetxeen % 70 dira (ikastolak kanpo daude). Lau greba egun horiekin batera, beste sei daude antolatuta apirilerako (1, 2, 3 eta 4) eta maiatzerako (8 eta 9). 10 urtez aldatu ez duten hitzarmena berritzea eskatzen dute langileek.