Ekonomia -
Bat-egite hotza
Euskadik behar duen bat-egitea ez dela adierazi dute ELAk eta LABek
Akordioa "alderdi politikoek boterea banatzeko" duten interesen isla dela salatu du ELAk. Bestalde, kutxak "banku bihurtzeko" beste pauso bat dela esan du LABek.
Erredakzioa
ELA sindikatuarentzat, BBK-k, Vitalek eta Kutxak egindako akordioa "ez da Euskadik beharrezkoa duen bat-egitea". ELA sindikatuaren esanetan, "bat-egite hori aurrezki kutxen eredu sozialetik oso urrun dago", izan ere, ELAk Nafarroako Kutxa (CAN) barne hartzen duen bat-egitearen alde dago.
Igor Eizagirre ELAko zerbitzuen saileko idazkari nagusiak komunikatu batean adierazi duenez, ELA "hiru kutxen osoko bat-egitearen alde egin du beti", Hego Euskal Herrirako kutxa baten aldarrikapena baztertu gabe.
Eizagirrek gogor kritikatu du atzo adostutako bat-egite hotza. Bere ustez, akordio hori "alderdi politikoek boterea banatzeko" duten interesen isla da. Eta horren bidez, "Euskadiko kutxak pribatizatzeko bidea zabaldu dute".
Bestalde, hiru aurrezki-kutxen bat-egitea "banketxe bihurtzeko" beste pauso bat dela adierazi du LAB sindikatuak. Horrela, "ekintza sozialerako ekarpena gero eta txikiagoa izango da", erantsi du LABek.
Sindikatuak komunikatu batean azaldu duenez, prozesuak aurrezki-kuxen "pribatizazioan sakontzen du", izan ere, finantza-negozioa "kontrol publikotik at geratzen da".
Operazioa "Espainiaren interesen eta beharrizanen" arabera antolatu dutela salatu du LABek, eta "atzean hiru alderdiren erabakiak daude". Sindikatuaren esanetan, bat-egitea bideratzeko ez dira irizpide teknikoak erabili.
Gaurko testuinguru ekonomiko eta sozialean "aurrezki-kutxak indartsuak izatea sekula baino beharrezkoagoa da Euskal Herrian euren funtzio soziala betetzeko", azaldu du LABek.