Ekonomia -
Finantza-sistema
Zer da bat-egite hotza?
Bat-egite hotzaren mekanismoa edo SIP (Babes Sistema Instituzionala) 2008-2010 epean Espainian izan zen finantza-krisian sortu zuten.
Erredakzioa
Bat-egite hotza kreditu entitateak indartzeko mekanismo bat da, eta finantza-entitateek elkarri babesa ematea errazten du. Zenbait entitate Babes Sistema Instituzional batean biltzeko prozesuari bat-egite hotza deritzo.
Bat-egite hotzaren mekanismoa edo SIP (Babes Sistema Instituzionala) 2008-2010 epean Espainian izan zen finantza-krisian sortu zuten. Izan ere, krisi horrek Espainiako finantza-sistema eta hainbat aurrezki-kutxa kolokan jarri zituen, ahultasun egoera batean utziz.
Aurrezki-kutxen izaera juridiko bereziak bat-egiteak (banketxeen ohiko defentsa sistema, non entitate indartsuenek ahulenak kontrolatzen dituzte) asko zailtzen ditu, izan ere, kutxak erkidegoari oso lotuta bizi dira eta kontrol politiko handia izaten dute. Ondorioz, ikuspuntu politiko batetik oso zaila da aurrezki-kutxen artean ohiko bat-egite bat gertatzea.
Zailtasun horiek gainditzeko holdings-ak sortzen dira, entitateak bildu egiten dira eta izena ematen duen entitateari botere ekonomikoa eta politikoa ematen diote, baina marka eta independentzia mantentzea ahalbidetzen zaie gainerako entitateei.
2010ean agertu ziren
Espainiako ordenamendu juridikoan 2010eko erdialdean agertu ziren SIP izenekoak. Orduz geroztik zenbait bat-egite hotz eman dira.
Akordioak hamar urteko iraupena izan behar du gutxienez eta entitate sinatzaileek akordioaren amaieraren berri eman behar dute bi urte lehenago.
Akordioa sinatzeko baimena Espainiako Bankuak eman behar du, izan ere, araudia betetzen dela egiaztatu behar du, baita behin akordioa martxan jartzen denean ere.