Ekonomia -

EPSILON auzia

Teknologia-parkeetako presidente ohiaren aurkako auzia artxibatu dute

Arabako Auzitegiaren arabera, "ez dago zantzu nahikorik" Julian Sanchez Alegriari inputatutako hiru delituetako bat ere egin zuenik pentsatzeko.

Arabako Probintzia Auzitegia. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Arabako Probintzia Auzitegia
Arabako Probintzia Auzitegia. ETBren bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julian Sanchez Alegria EAEko teknologia-parkeetako presidente ohiaren aurkako auzia largestea erabaki du Arabako Probintzia Auzitegiak. Sanchez Alegriari prebarikazioa, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea eta administrazio desleiala egotzi zioten Epsilon porrot egin zuen automobil-proiektuaren auziaren harira.

Asteartean Arabako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalak argitaratutako autoaren arabera, "ez dago zantzu nahikorik" Julian Sanchez Alegriari inputatutako hiru delituetako bat ere egin zuenik pentsatzeko. Hori dela eta, Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiak auzia artxibatzeko hartutako erabakia berretsi du.

Arabako Probintzia Auzitegiaren erabakia irmoa da, eta, beraz, ez dago inolako errekurtsorik jartzerik auto horren aurka. Fiskaltzak zortzi urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen Sanchez Alegriarentzat.

Batetik, 2009an, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidentea zen garaian, Epsilon proiektuari hipoteka betearazteko prozesuan parte hartzeko konpromisoa Sanchez Alegriak sinatu izana aztertu du autoak. Epsilon proiektuak 50 milioi euro jaso zituen laguntza publikoetan eta porrot egin zuen.

Bestetik, partzela baten gainean Epsilonek eratutako hipotekaren maila lagatzea ikertu du autoak.

Arabako Auzitegiaren autoaren arabera, Ministerio Publikoak ez ditu egintza juridiko horiek frogatu, eta, beraz, "ez zen inolako bermerik edo fidantzarik eman". Eusko Jaurlaritzak 16 milioi euro ordaindu behar izan zizkion Epsilon proiektuko hartzekodunei egintza juridiko horien ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruzurrak Epaiketak Ekonomia Albisteak