Ekonomia -
ikastetxe publikoak
Kudeaketa zuzeneko eskola-jantokietan gaurko deituta zegoen greba, bertan behera
LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordioa lortu zuten patronalekin, eta, langileek berretsi ostean, hitzarmena sinatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko ikastetxe publikoetako jantokietan gaurko deituta zegoen greba bertan behera geratu da. LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordioa lortu zuten ostegunean, eta ostiralean egindako batzarrean berretsi zuten langileek.
Akordioa atzo sinatu zuten Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon duen egoitzan, LAB sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi zuenez.
Sindikatu abertzalearen hitzetan, "lehen helburua bete dugu: soldatak parekatzea. Orain lan-baldintzen homologaziorako beste borroka bati ekin behar diogu: enpleguari eustea, ratioak hobetzea, funtzioak definitzea eta lan berdinagatik baldintza berdinak izatea".
ELA kritiko agertu da, eta ez zuen akordioa sinatu. "Ez gatoz bat edukiarekin, moldeekin, ezta iraupen luzearekin ere. Ez du jasotzen kontratazioari, ratioei, lan-kargei edota gutxieneko lanaldiari buruzko berrikuntzarik. Enpleguarentzako bermerik ere ez du ematen, eskola-jantokien etorkizuneko eredua edozein dela ere".