Ekonomia -
Nafarroako Kutxa
Batzordeak ondorioztatu du saihes zitekeela CAN desagertzea
Batzordeak laukoaren (EH Bildu, Geroa Bai, Podemos eta Ezkerra) ondorioak onartu ditu, nahiz eta UPNk, PSNk eta PPNk aurka bozkatu.
agentziak | erredakzioa
Nafarroako Kutxaren (CAN) desagerpena ikertu duen batzordeak onartu egin ditu laukoaren (EH Bildu, Geroa Bai, Podemos eta Ezkerra) ondorioak, eta kutxaren desagerpena saihestu egin zitekeela ebatzi du. Datorren ostegunean emango zaio behin betiko onarpena txostenari, eta UPN, PSN eta PPN kontra daude.
2016ko apirilean osatu zuten batzordea, eta iazko apirilean hasi ziren agerraldiak. Gaur taldeen ondorioak eztabaidatu eta onartu dituzte, eta datorren asteko osoko bilkuran emango zaie behin betiko onarpena.
Laukoa osatzen duten alderdiek txosten bakarra aurkeztu dute, eta UPNk eta PSNk bana. Bi horiek, PPNrekin batera, laukoaren ondorioen aurka jo dute.
Koldo Martinez Geroa Bairen bozeramaileak uste du CANen desagerpena "saihestu" egin zitekeela eta Estatuko kutxa guztiek jasan zutela "ekaitz" bera, baina desberdintasuna Enrique Goñi zuzendariaren erabakietan egon zela: "Erabaki estrategiko desberdinak hartu zituen".
Arantxa Izurdiaga EH Bilduren legebiltzarkideak uste du Goñiren kudeaketa "akatsez, gehiegikeriez eta arrazoitzeko zailak diren operazioez josia" egon zela, ez ziola "interes orokorrari erantzuteko helburuari jarraiten, baizik eta interes partikularrari".
Tere Saez Podemos-Orain Baikoak salatu du UPNren Gobernuak "nahita" ez zituela ikuskaritza lanak egiten, "etekinak lortu ahal izateko".
Marisa Simonen (Ezkerra) arabera, "argi" geratu da "erabaki batzuek eragina izan zutela CANen kaudimen galeran", eta "erabakigarriak" izan zirela erakundea desagertzeko. "Erabaki okerrak hartu zituzten", adierazi du, UPNren utzikeria kritikatu ostean.
Luis Zarraluqui UPNren bozeramaileak salatu du gaur onartutako ondorioak "jakinak" zirela eta "Espainiako Bankuaren eta epaitegien erabakietatik urrun" daudela.
PSNtik, Guzman Garmendiak bat egin du laukoarekin "UPNk ezer ere ez" zuela egin eta "utzikeriaz" jokatu zuela esatean, baina salatu du alderdiak pertsona baten aurka aritu direla, politikaria ez zen pertsona baten aurka, eta "amorrutik" idatziak direla ondorioak.
Javier Garcia PPren bozeramaileak esan du ez dagoela "ezustekorik" ondorioetan, eta "CANen antzerkia" amaitu izana txalotu du.