Ekonomia -
LAN GATAZKA
Jaurlaritzaren 'inplikazioa' eskatu dute itunpeko ikastetxeetako gurasoek
Elkarretaratzea egin dute gurasoek Gasteizen. Gatazkan nahasita dauden alde guztien jarrera salatu dute, 'negoziazioan aurrerapausorik emateko gai ez direlako izan'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kristau Eskola sareko ikastetxeetako gurasoek elkarretaratzea egin dute, gaur goizean, Gasteizen, itunpeko zentroetako lan gatazkaren amaiera eskatzeko. Eusko Jaurlaritzaren "inplikazioa" exijitu dute, eta egoera bideratzeko eskatu diote Cristina Uriartek zuzentzen duen sailari.
'Gure seme-alabengatik. Konponbidea orain. Itunpeko euskal eskola' lelopean, dozenaka pertsona elkartu dira.
Joan den ostiralean amaitu zen zortzi eguneko greba, sindikatuen eta patronalaren artean akordiorik itxi gabe. Jarrerak oso urruti daude oraindik, eta irakasleek garbi utzi dute ez dutela mobilizazio gehiago egitea baztertzen.
Joan den igandean ere kalera atera ziren gurasoak Bilbon. Manifestazioa egin zuten, Kristau Eskolari eta sindikatuei gatazka konpontzeko, eta Eusko Jaurlaritzari dagozkion ardurak hartzeko eskatuz.
Gaurko bilkura amaitu denean irakurri duten oharrean, gatazkan nahasita dauden alde guztien jarrera salatu dute, "negoziazioan aurrerapausorik emateko gai ez direlako izan". Euren seme-alabak "babesik gabe" daudela azpimarratu dute, "ez dagokien gatazka baten erdian".