Ekonomia -
Kontrol-saioa
Zapaterok EAJri: 'Bat-egiteen inguruan kutxena da erabakia'
Gainera, euskal kutxen osasuna "ona" dela aitortu du. Bestalde, Gobernuko presidenteak iragarri du martxoan hobeak izango direla langabezia datuak.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak azpimarratu du euskal kutxak egoera "onean" daudela, baina haiei eta Espainiako Bankuari (berea da kutxen zuzendaritza gorena) dagokie bat-egiteen inguruan erabakiak hartzea.
Zapaterok Kongresuan egiten ari diren kontrol-saioan Josu Erkorekari (EAJ) emandako erantzuna da hori. EAJren bozeramaileak eskaria egin dio Zapaterori, BBKren, Kutxaren eta Vitalen bat-egitea babes dezala, Gobernuak jeltzaleen aldeko botoa izan nahi badu banketxeen kapitala indartzeko dekretu legearen bozketan.
Erkorekak azpimarratu du euskal kutxek "kaudimen indize onenetarikoak" dituztela Estatu mailan, baina horrek ez duela bat-egiteko prozesua galarazi behar. Era berean, buruzagi jeltzaleak Ramon Jauregui Presidentzia ministroaren adierazpen batzuk izan ditu hizpide, izan ere, Jaureguik "irtenbide bakarra" kutxen bat-egitea zela esan zuen.
Gobernuko presidenteak berretsi du kutxen berregituraketa prozesua "bide onean" dagoela, eta Jaureguik egindako adierazpenekin bat egiten duela.
Langabeziari buruzko datu hobeak martxorako
Gobernuko presidenteak esan du martxoan langabeziari buruzko datu hobeak izango direla "ziur".
Horixe erantzun dio Zapaterok Mariano Rajoy PPren buruari otsaileko langabezia datuez galdetu diotenean.
Zapaterok espero du lan-erreformak bere fruituak emango dituela "aurten bertan" lanpostuak sortzen hasteko. Gainera, Gobernua "gogor saiatzen" ari dela berretsi du.
Zapaterok aitortu du otsaileko langabezia datuak ez zirela onak izan, baina iragan bi urteetakoak baino hobeak direla.