Ekonomia -

Arcelor Mittaleko langile ohia

Enpresa zigortu eta bi aste geroago hil da amiantoagatik

1958tik 1995era Olaberriako lantegian lan egin zuen biktimak. 2005ean mesotelioma gaizto bat diagnostikatu zioten. Duela bi aste EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak enpresa zigortu zuen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arcelor Mittal konpainiaren Olaberriako lantegiko 75 urteko langile ohi bat hil da gaur, mesotelioma edo pleurako minbizi batengatik. Enpresan lanean ari zenean amiantoak minbizia eragin zion. Duela bi aste EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langileari kalte-ordaina ordaintzera zigortu zuen enpresa.

Euskadiko CCOO sindikatuak jakitera eman duenez, biktimak 1958tik 1995era lan egin zuen Olaberriako lantegian. Baja sorbaldako gaixotasun batengatik hartu zuen. 2005ean, Osakidetzak mesotelioma gaizto bat diagnostikatu eta 2007ko apirilean erabateko ezintasuna eman zion gaixotasun profesionalagatik.

Data horretatik aurrera epaitegietan borroka hasi zuten. Azkenik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Arcelor Mittalen helegitea atzera bota eta 239.226,38 euroko kalte-ordaina ordaintzera zigortu zuen otsailaren 15ean.

Gaixo hauek pairatzen duten "tortura ikaragarria" salatu du CCOOk, izan ere, "amiantoaren prebentzio neurriak urratu dituzten enpresen aurrean Justizia bilatu behar dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea