Ekonomia -

Hezkuntza

Itunpeko ikastetxeetako grebak % 65eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera

Kristau Eskolaren arabera, irakasleen % 28k egin dute bat greba deialdaiarekin.

Itunpeko ikastetxeetako langileen manifestazioa Bilbon. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileen manifestazioa Bilbon
Sindikatuek diote grebaren jarraipena %65ekoa izan dela, patronalak berriz %28koa

1:22

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan gaur egiten ari diren greba % 65eko jarraipena izaten ari da, sindikatuek emandako datuen arabera. Gaur hasi eta urtarrilaren 25era bitartean zortzi eguneko greba deitu dute ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, lan hitzarmena berritzeko negoziazioek kale egin ostean.

ELA sindikatuaren esanetan, Eusko Jaurlaritza "greba desitxuratzen" saiatu den arren, gaurko deialdiak ere jarraipen zabala izan du, aurrekoen ildo beretik.

Dena dela, sindikatuak negoziatzeko prest daudela azpimarratu du ELAk. Hori dela eta, patronalei eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die bakoitzak dagokion ardura eta erantzukizuna bere gain hartu dezala eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela.

Gaurkoa ikasturte honetako zazpigarren greba eguna izaten ari da. Aurretik, beste sei lanuzte egin zituzten irakasleek urrian eta azaroan. Greba deialdi horrek 215 ikastetxetako 120.000 ikasle eta 9.000 langilerengan izango du eragina, EAEko itunpeko sarearen % 70ean.

Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileak kalera atera dira gaur Bilbon, eta manifestazioa egin dute Jesusen Bihotza plazatik abiatuta. ELAren arabera, Bilbon antolatutako manifestazioan 5.000 langile baino gehiago elkartu dira 9.000 langile biltzen dituen kolektibo batean.

Patronalaren balorazioa

Kristau Eskolak, gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan nagusi den patronalak, nabarmen murriztu ditu jarraipen portzentajeak. Bere datuen arabera, langileriaren % 28 ez da gaur lanpostura joan, alegia, 8.196 beharginetatik 2.314.

Datuon arabera, grebak Bizkaian izan du jarraipen handiena (% 38), ondoren Araban (% 21) eta Gipuzkoan (% 19).

AICE-IZEA patronalak ez du oraingoz jarraipen daturik eman.

Bestalde, gurasoak, bereziki 2. Batxilergokoak, oso arduratuta daude seme-alabek galduko dituzten eskola-orduengatik. 8 greba egunen ostean, ikasleek 152 eskola-egunen % 10 galduko dute.

Gutxieneko zerbitzuak handitu ditu Jaurlaritzak

Grebaren bezperan, aurretik ezarritako zerbitzu minimoak nabarmen handitu zituen Eusko Jaurlaritzak. Orain arte bi pertsona ziren ikastetxe bakoitzeko: zuzendaritzako kide bat eta administrazioko kide bat, eskolako sarrera bermatzeko.

Alabaina, greba honetarako Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasle bana izango dute, eta 100 ikasle baino gehiago matrikulatuta dituzten mailetan ere irakasle bat egon beharko da lanean. Halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), Batxilergoan eta Lanbide Heziketako zentro bakoitzean ere irakasle bat izan beharko da.

Horrez gain, hezkuntza bereziko ikasgeletan normalean izaten diren langileen % 50 izan beharko dira lanean.

Sindikatuen ustez, Jaurlaritzak greba honetarako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" dira eta langileen "grebarako eskubidea urratu dezakete".

Jarrerak, muturtuta

Lan-hitzarmena 10 urtez berritu gabe izan ostean, erosteko ahalmena berreskuratzeko negoziazioetan aurrera egitea aldarrikatzen dute langileek; sindikatuen datuen arabera, 2009tik % 12 behera egin baitu langileon erosteko ahalmena. Halaber, DBHko irakasleen soldatak hobetzea eskatzen dute; ziklo bakoitzeko soldata igoera ezberdina eskatzen baitute. Halaber, behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea nahi dute; esaterako, 0-3 urte arteko irakasleena, baita laguntza berezia ematen dutenena ere.

Patronalak proposamen "serioa" noiz egingo zain daude sindikatuak. Gaur manifestazioa egingo dute Bilbon, 11:30ean hasita.

Oso bestelakoa da patronalaren irakurketa. Kristau Eskolaren arduradunek nabarmendu dutenez, 2017ko azarotik lau proposamen egin dizkiete langileei, eta horiek "erantzun maximalistak" baino ez dizkiete eman.

AICE-IZEA patronalaren esanetan, soldata % 10,5 igotzearen aldarrikapena ezin dute "inondik inora onartu". Gogorazi dutenez, euren finantzazio iturri "bakarrak administrazioaren kontzertu eta dirulaguntzak eta familien ekarpenak dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB albisteak Grebak gaur EAE albisteak Ekonomia Hezkuntza Sindikatuak Espainian CCOO albisteak UGT albisteak