Ekonomia -

Hezkuntza

Zortzi eguneko grebari ekin diote gaur itunpeko ikastetxeetan

Jaurlaritzak nabarmen handitu zituen gutxieneko zerbitzuak; sindikatuentzat 'gehiegizkoak' dira.

Ikasleak ikastetxe batera sartzen. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Ikasleak ikastetxe batera sartzen.
Ikasleak ikastetxe batera sartzen. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik aurrera, zortzi eguneko greba izango da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan. Urtarrilaren 16tik 25era deitu dute ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, lan hitzarmena berritzeko negoziazioek kale egin ostean.

Aspaldikoa da lan gatazka. Zortzi greba egun horien aurretik, beste sei lanuzte egin zituzten irakasleek urrian eta azaroan.

Zazpigarren greba egun horrek 215 ikastetxetako 120.000 ikasle eta 9.000 langilerengan izango du eragina, EAEko itunpeko sarearen % 70ean.

Ugariak bezain antzuak izan dira sindikatuen eta patronalaren arteko kontaktuak. Joan den astean bildu ziren azkenekoz, eta orduan ere akordiorik gabe amaitu zen batzarra.

Gurasoak, bereziki 2. Batxilergokoak, oso arduratuta daude seme-alabek galduko dituzten eskola-orduengatik. 8 greba egunen ostean, ikasleek 152 eskola-egunen % 10 galduko dute.

Gutxieneko zerbitzuak handitu ditu Jaurlaritzak

Grebaren bezperan, aurretik ezarritako zerbitzu minimoak nabarmen handitu zituen Eusko Jaurlaritzak. Orain arte bi pertsona ziren ikastetxe bakoitzeko: zuzendaritzako kide bat eta administrazioko kide bat, eskolako sarrera bermatzeko.

Alabaina, greba honetarako Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasle bana izango dute, eta 100 ikasle baino gehiago matrikulatuta dituzten mailetan ere irakasle bat egon beharko da lanean. Halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), Batxilergoan eta Lanbide Heziketako zentro bakoitzean ere irakasle bat izan beharko da.

Horrez gain, hezkuntza bereziko ikasgeletan normalean izaten diren langileen % 50 izan beharko dira lanean.

Sindikatuen ustez, Jaurlaritzak greba honetarako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" dira eta langileen "grebarako eskubidea urratu dezakete".

Jarrerak, muturtuta

Lan-hitzarmena 10 urtez berritu gabe izan ostean, erosteko ahalmena berreskuratzeko negoziazioetan aurrera egitea aldarrikatzen dute langileek; sindikatuen datuen arabera, 2009tik % 12 behera egin baitu langileon erosteko ahalmena. Halaber, DBHko irakasleen soldatak hobetzea eskatzen dute; ziklo bakoitzeko soldata igoera ezberdina eskatzen baitute. Halaber, behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea nahi dute; esaterako, 0-3 urte arteko irakasleena, baita laguntza berezia ematen dutenena ere.

Patronalak proposamen "serioa" noiz egingo zain daude sindikatuak. Gaur manifestazioa egingo dute Bilbon, 11:30ean hasita.

Oso bestelakoa da patronalaren irakurketa. Kristau Eskolaren arduradunek nabarmendu dutenez, 2017ko azarotik lau proposamen egin dizkiete langileei, eta horiek "erantzun maximalistak" baino ez dizkiete eman.

AICE-IZEA patronalaren esanetan, soldata % 10,5 igotzearen aldarrikapena ezin dute "inondik inora onartu". Gogorazi dutenez, euren finantzazio iturri "bakarrak administrazioaren kontzertu eta dirulaguntzak eta familien ekarpenak dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB albisteak Grebak gaur EAE albisteak Ekonomia Hezkuntza Sindikatuak Espainian CCOO albisteak UGT albisteak