Ekonomia -
Otsaileko datuak
Langabezia bereziki hazi da merkataritzan, Jaurlaritzaren arabera
Gasteizko Exekutiboak adierazi duenez, Euskadiko langabeen hazkundea txikikazko merkataritzan bereziki eman da. Gizarte Segurantzako afiliatuen kopuruak % 0,18 egin du gora.
Erredakzioa
Otsaileko langabezia tasaren hazkundea zerbitzuen sektorean batez ere eman dela azaldu du Eusko Jaurlaritzak. Txikikazko merkataritzan, bereziki, nabaritu da hazkunde hori. Gainera, emakumeen eta 25 urte baino gutxiagoko gazteen artean hazi da gehien langabezia.
% 1,63 hazi zen langabezia Euskadin otsaila bitartean (2.338 lagun). Gasteizko Gobernuak dioenez, zerbitzuetako sektorean izan diren 1.673 langabeen datuak "langabezia tasa berez" azaltzen du.
Bestalde, Gizarte Segurantzako afiliatuen kopuruak gora egin du, % 0,18, alegia. Gobernuaren esanetan, " horrek agerian uzten du euskal enpresak enplegua sortzen ari direla".
Hala ere, duela urtebete baino langabe gutxiago daude aurten industrian eta hori txalotu du Exekutiboak. 2010ko otsailetik % 6,92 jaitsi da industria langabezia. Hori dela eta, 2011ko susperraldi ekonomikoaren "motorra" euskal industria izango dela uste du Jaurlaritzak.
Eskualdeei erreparatuz, Ezkerraldean, Bilbon eta Donostian hazi da gehien langabezia. Urola Kostan, Debagoienan eta Lea-Artibain, berriz, langabeziak behera egin du.