Ekonomia -

Langabezia gora

Zapateroren ustez, 2011ko bigarren seihilekoan lanpostuak sortuko dira

Otsaileko langabezia tasa "txarra" dela onartu du Gobernuko presidenteak. Hala ere, susperraldi ekonomikoaren aurreikuspenak mantendu ditu. Bere hitzetan, "ekonomia lanpostuak sortzen hasiko da".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Susperraldi ekonomikoaren aurreikuspenak mantenduko dituela iragarri du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak. Bere esanetan, aurtengo bigarren seihilekoan lanpostuak sortzen hasiko dira. Hala ere, ezagutu berri den otsaileko langabezia tasa "datu txarra" dela onartu du.

Zapateroren aburuz, otsaila ez da ohi izan hilabete ona baina aurreko bi urteetako otsaileko datuekin alderatuta, aurtengoa "hobeago" izan da. "Ekonomiak lanpostuak sortzen hasi beharko du, are gehiago, sortu egingo ditu", azpimarratu du Tunisian eskainitako prentsaurrekoan.

Prozesua "zaila, gogorra eta motela" izango dela nabarmendu du presidenteak baina bere hitzetan, "biderik ziurrena" egiten ari da Espainia. Zapateroren aburuz, 2011ko amaiera hurbildu ahala, konfiantza areagotuko da. 2012. urtean, azkenik, sentipen hori finkatuko da.

Libian izandako iraultzek gora eraman dute energiaren prezioa. Espainiako inflazioan izan litekeen eragina "behin behinekoa" izango dela aurreratu du Zapaterok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea